Xoxotera mendi irteera eginez hasiko dute Korrika Kulturala Urola Erdian

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 12a

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Korrika batzordeek eta hiru herrietako mendi taldeek elkarlanean antolatu dute Xoxotera mendi irteera. Igandean, hiru herrietatik abiatuko dira mendira, eta hango aterpean hamaiketakoa egingo dute. Izena eman daiteke dagoeneko.

Eskualdeko Korrika batzordeak ari dira apirilaren 12an iritsiko den euskararen aldeko lasterketa zein horren harira egingo duten Korrika Kulturala prestatzen, eta Urola Erdian aurreneko ekitaldiak asteburu honetan bertan egingo dituzte. Izan ere, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Korrika batzordeek Xoxote mendira irteera antolatu dute iganderako, hiru herrietako mendi taldeekin elkarlanean.

Hiru herri, helmuga bat lelopean egingo dute irteera igandean. Asmoa da guztiak 11:00etan Xoxoteko aterpean elkartzea, eta horretarako, herriz herri hainbat irteera ordu zehaztu dute. Azkoitian, bi hitzordu izango dituzte aukeran: mendira herritik abiatu nahi dutenentzako 09:00etan jarri dute irteera ordua, Balda Plazan; aldiz, Attolako aparkalekutik abiatu nahi duenak, 09:30ean agertu beharko du hara. Azpeitian, berriz, 09:30ean hasiko dute ibilaldia herriko plazatik, eta Zestoan 08:45ean elkartuko dira, Gurutzean. Handik Ondarbasora autoz joango dira, eta gero, oinez ekingo diote Xoxoterako bideari.

Irteeran parte hartzeko dagoeneko eman daiteke izena. Azkoitian, Zurt, Zakela eta Etxe-Aitz tabernetan eta hango AEK euskaltegian inskribatu daiteke; Azpeitian, Lagun Onak mendi bazkunaren tabernan, Orkatzen eta Sanagustin kulturgunean; eta Zestoan, Portale, Koiote eta Fati tabernetan eta hango AEK euskaltegian. Izena ematen dutenek hiru euro ordaindu beharko dute, eta Xoxoteko aterpean hamaiketakoa egingo dute gero.

Azkoitian, egitaraua prest

Azkoitian, bestalde, kaleratu dute Korrika Kulturalaren barruan datozen asteetan gauzatuko dituzten ekintzen zerrenda: hilaren 23ko asteburuan (eguna zehazteke dute oraindik), Anaitasuna eta Deusto futbol partida ikusteko aukera izango da Txerloian. 17:00etan hasiko da norgehiagoka, eta atsedenaldian Korrika Txikia egingo dute bertan. Hara joateko 7 eurotan jarri dute sarrera, baina Korrika laguntzaileek 5 eurotan sartu ahal izango dute.

Bestalde, martxoaren 30ean egingo dute Koreografia Lehiaketaren finala. Korrika batzordeak lehenengo aldiz antolatu du egitasmoa, eta Korrika iragartzeko abesti batekin egindako koreografia taularatuko dute finalera sailkatu diren bost taldeek. 18:00etan hasiko da finala, Elkargunean.

Hilaren 30ean jokatuko den Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako ere prestatu dute ekimenik; izan ere, Korrikako petoarekin azkarren helmugaratzen denak saria eskuratuko du. Hain zuzen ere, Azkoitiko Mikel Uria jatetxean bi lagunentzako bazkaria irabaziko du korrikalariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide