Azkoitiko Bigoterik Gabea antzerki taldeak hilaren 22an eta 23an estreinatuko du K-Baret antzerki musikala, eta saio horietarako sarrerak salgai jarri eta astebete eskasera, agortu egin dira lehen emanaldirako sarrerak. Hilaren 22an, ostiralean, 21:30ean izango da saioa, Baztartxo antzokian, eta hurrengo egunean, hilaren 23an, 18:30ean taularatuko dute. Hain zuzen ere, emanaldi horretarako sarrerak badaude oraindik; Gazte Informazio Bulegoan eskuratu daitezke, bost eurotan. Sarrerarik geratzen bada, egunean bertan ere salduko dituzte, zazpi eurotan.
Kabaret batean girotutako istorioa izango da antzerki musikatuan kontatuko dutena. Urteak itxita egon ondoren, Rosek eta Juliettek berriz zabalduko dituzte hango ateak, eta zenbait artistek girotuko dute etxea. Haien bizipenak, ametsak eta amesgaiztoak nahastuko dira kabaret zaharrean, eta Cedric Famcourt narratzaileak gidatuta, ikuslea horren lekuko izango da.
Bigoterik Gabea taldearen hirugarren lana da K-Baret. Aurretik, Rise and shine eta Shine Again antzerki musikalak sortuak ditu.