Urtero legez, Azkoitiko Bizenta Mogel elkarteak hainbat solasaldi antolatu du datozen asteetarako. Askotariko gaiak izango dituzte hizpide hitzaldietan, hala nola arrisku gizartea nahiz magia eta astrologia medikuntzan.
Lehen solasaldia martxoaren 20an, asteazkenez, izango da. Arrisku gizartea. Gaur arrazoizkoa dena eta ez dena izenburupean eskainiko du Jexux Mari Mujika Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Gaiaren zabaltasuna dela eta, hitzaldi horrek jarraipena izango du martxoaren 27an; Mujikak egun horretan eskainiko du hitzaldiaren bigarren atala. Hirugarren solasaldia apirilaren 3an izango da, eta medikuntzan magiak eta astrologiak duten paperaz ariko da hizketan Enrique Samaniego angiologian eta kirurgia baskularream espezialista. Hitzaldi oro Elkargunean izango da, 15:30ean hasita.
Hitzaldi zikloa borobiltzeko, Bilbora irteera egingo dute apirilaren 10ean. Hain zuzen ere, Arte Ederren Museoa bisitatuko dute, Artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian (1968-2018) izenburua jarri dioten irteeran. Egun horretan, 14:00etan aterako da Bilborako autobusa Azkoitiko Eroski txikiaren paretik.
Bizenta Mogel elkarte sozio-kulturala duela 29 urte sortu zuten Azkoitiko emakume batzuek, herriko kultur eskaintzari beren ekarpena egiteko asmoarekin. Ordutik, urtero-urtero antolatu izan dituzte hitzaldiak, eta aurtengorako ere prestatu dute zikloa.