Hiru eguneko ospakizunen ostean, amaitu dira Azkoitiko Baztarrikalde kaleko festak. Atzo, igandea, eman zieten bukaera jaiei, eta ohi bezala, Joxe Astarbe Saria jokatu zuten festen egitarauaren barruan. Txibilter eta Koatei azkoitiarrak eta Aitor Gointziar itziardarra lehiatu ziren deman, eta Txibilter nagusitu zen. 65 plaza, 2 zinta eta 2,10 metro eginda, azkoitiarrak eskuratu zuen txapelketaren hamargarren edizioaren manta. Gointziar sailkatu zen bigarren, 60 plaza eta 2 zinta eginda; Koateiren astoak, berriz, 59 plaza egin zituen. Aurreko ekitaldietan bezala, asto probetan ere dozenaka lagun elkartu ziren.
Asteburu betea izan dute Baztarrikalden. Izan ere, ostiralean festak hasi zituztenetik, askotariko ekintzak izan dituzte, eta herritar ugari erakarri ditu Plaza Berri harri-jasotze sariak zein poniek eta zezen txikiek.
(Argazkiak: Ibon Errazu)