Mosaiko erraldoiarekin aldarrikatu dute emakumeen eguna Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 8a

Mosaiko erraldoia egin dute Azkoitian. (Ihintza Elustondo)

Azkoitian, Martxoaren 8ko ekitaldiekin amaitzeko, M8 handi bat irudikatu dute plazan. Ehunka herritar elkartu dira bertan, eta mosaiko erraldoia egin dute, kartel moreak gora altxata. Ondoren, honako idatzia irakurri dute Sostenipe talde feministako kideek:

"Gaur M8, heteropatriarkatuaren zapalkuntza jasaten dugun —trans, bollera eta emakumeok— 'emakumeok plazara' aldarrikapenarekin, herriko erdigunea hartu dugu, gure bizitzak erdigunean jartzearen urgentzia ikustarazteko!

Zaintza berrantolatu beharra dago. Ez dagokigun lan karga bat jasaten dugu, eta gizarteak gure zeregin naturaltzat hartzen du. Aski da! Ez, hau ez da gure ardura, bizitza ardura kolektiboa eskatzen dugu! Ez, ez dugu isilpean jasango! Politika publikoek ardura hartzeko ordua heldu da! Parekidetasuna bermatzeko politikak eta berdintasun formalaren garapena ezinbestekoak direlako, eraldaketa sozial bat eman dadin. Greba honetan, bost ardatz hartuko ditugu kontuan: pentsionistak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa.

Horregatik, 24 orduz planto egingo diegu sistema baztertzaile honen oinarriei: planto kontsumoari, planto kapitalismoari, planto heteropatriakatuari, planto kolonialismoari eta planto kapazitismoari! Planto eginez gero, mundua gelditzen delako!

Planto errudun sentitu gabe, planto inori azalpenak ematen ibili gabe, planto inpaktuaren beldurrik gabe. Planto sistemak gehien baztertzen dituen, eta ondorioz planto egiteko aukerarik ez duten emakumeengatik*.

Azken batean, gure amonei, amei, emakume etorkinei, zaintzaileei, transei, bollerei, niri, zuri eta guri lapurtu zaigun denbora eta bizitzagatik.

Azkenean bai, ausartu gara…planto!".

Goizean ere, hainbat ekintza egin dute Azkoitian.

Hona hemen mosaikoko pare bat irudi:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide