Azkoitiko Baztarrikalde kalean festak ospatuko dituzte asteburu honetan. Ohi bezala, ostiralean hasi eta igandean bukatuko dira jaiak, eta urteroko egitarauaren antzekoa prestatu badute ere, aurtengoan izango da berrikuntzarik.
Bada 1981az geroztik plazaratu gabea den harri bat Azkoitian, Plaza Berri harria izenekoa, eta aurtengo festetan, berriro aterako dute kalera. Aitor Aizpurua festen antolatzaileak azaldu duenez, Plaza Berriko etxe batean aurkitu zutelako izena du horrela harriak, eta bere garaian, harri-jasotze probetan erabili izan zuten. 38 urtean gordeta egon da 139 kiloko harria, eta berriro ere harri-jasotzaileen eskuetan izango da aurten, larunbateko harri-jasotze erakustaldian.
Gurea pilotalekuan jokatuko dute Plaza Berri harri-jasotze saria. 18:00etan hasiko da proba, eta honako harri-jasotzaile hauek lehiatuko dira: Aimar Galarraga eta Gorka Etxeberria oriotarrak, Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a eta Imanol Illarramendi Kortaberri aiarrak, Jokin Eizmendi zarauztarra, Joseba Ostolaza arroarra, Beñat Telleria, Josu Urbieta eta Sergio Mielgo. Sei minutuko tanda bana egin beharko du harri-jasotzaile bakoitzak, eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko du proba.
Ondoren, berriz, aizkolarien txanda izango da. Aitzol Atutxa, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga azpeitiarra ariko dira nor baino nor, kanaerdiko zortzi pago enbor ebakitzen.
Festen hasiera, musean
Berrikuntza nagusia larunbatekoa izango den arren, ostiralean eta larunbatean ere izango da zertaz gozatu Baztarrikalden. Mus txapelketarekin hasiko dituzte festak, ostiralean. Orion elkartean izango da lehia, 22:30ean hasita, eta bikote bakoitzak hogei euro ordaindu beharko du parte hartzeko. Lehen sailkatuen artean hainbat sari banatuko dute antolatzaileek: 300 euro, txapela eta oroigarria jasoko ditu lehen bikoteak; 200 euro bigarrenak; 100 euro hirugarren sailkatzen denak; eta Isidro erretegian bi lagunentzako afaria laugarrenak.
Igandean, berriz, poniak eta zezenak izango dira haurrentzat, Zelai Luze ganadutegiaren eskutik, 12:00etan hasita. Arratsaldean, asto proben txanda izango da: 18:00etan, X. Joxe Astarbe Saria jokatuko dute Txibilter eta Koatei azkoitiarrek eta Aitor Gointziar itziartarrak.