Segurako Herri Antzerkia taldea osatzen duten 16 aktorek Iragana, Lahar eta Larrosa antzezlana eskainiko dute datorren larunbatean, hilaren 9an, Azkoitiko Baztartxo antzokian.
Primo de Riveraren diktaduratik 36ko Gerraren hasiera bitarteko epean, Goierriko bi familik izan zuten bizimodua kontatzen du istorioak, eta garaiko baserrietako bizimodua, Elizaren eragina, erlijioa zein testuinguru politikoa jorratzen ditu lanak.
Lourdes Imazek idatzi eta zuzendutako obra da larunbatean taularatuko dutena. 2014an estreinatu zuten Seguran, eta ordutik Euskal Herriko hainbat antzokitan eskaini dute. Larunbatean, 19:30ean hasiko da emanaldia, eta sarrera bost eurokoa izango da.