Azkoitiko San Jose egoitza herrigunera gerturatzea eskatzeko Egoitza Kalera taldeak inadura bilketa hasi eta egun gutxira, Javier Zubizarreta alkateak hainbat proposamen plazaratu ditu, egoiliarrek aukera gehiago izan dezaten kalera joateko, "etxekoekin egoteko" eta egoitzako bisitak errazteko asmoz. Aurreratu duenez, "orain" ezin da adinekoen egoitza kalera lekualdatu, baina zentroa "irisgarriagoa eta hurbilekoagoa" egiteko moduak bilatuko dituela azpimarratu du. "Bat nator Egoitza Kalera mugimenduaren aldarrikapenarekin; askoz hobea litzateke egoitza herri erdian egotea. Baina argi hitz egin behar da: gaur lekualdatzea ez da aukera bat. Ez da bideragarria".
Hain zuzen ere, hiru neurri proposatu ditu udalak, egoitzaren kokapenak eragiten dituen "oztopoak" arintzeko asmoz: Urbanue herri barruko autobus zerbitzua indartzea, Ugarte-Igarako estali gabeko igerileku inguruan igogailua eraikitzea eta egoiliarrentzat zein haien familientzat garraio zerbitzu "pertsonalizatua" eskaintzea. Azken proposamen hori, gainera, Eguneko Zentroko kideen joan etorrietarako erabiltzen duten furgonetarekin egingo luketela adierazi du, garraiobide horri "etekin gehiago" emanez. "Modu horretara, egoiliarrek herrigunera etortzeko aukera izango lukete paseatzera, ospakizun batera edo kafea hartzera".
Alkateak "positibotzat" jo du herritarrek modu aktiboan parte hartzea "Azkoitia hobeago baten alde" egiteko, baina Egoitza Kalearen eskakizuna "epe laburrean eta ertainean" ezin dela bete ohartarazi du, egitasmoak eskatzen duen "esfortzu ekonomiko erraldoiagatik", egoitzaren gaineko eskumena ez dagokiolako udalari eta uneotan ez dagoelako egoitza lekualdatzeko azpiegiturarik herrian. Izan ere, taldearen proposamenetako bat da San Jose egoitza Santa Klara komentura lekualdatzea, baina eraikin hori Oñatiko Santa Ana komentuarena dela argitu du erakundeak. Horrez gain, egoitza zein hango kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela esan du udalak, eta horren harira honako hau adierazi du: "Horrekin ez dut esan nahi ezer ezin dugunik egin. Hitz egin dezagun. Uste dut gure proposamenak soluzioaren parte direla". Ildo horretan, egoitzako "zerbitzuak hobetzea eta hango kideen joan etorriak erraztea" erakundearen esku dagoela azpimarratu du.
Orain dela aste batzuk sortu zuten Egoitza Kalera taldea hainbat herritarrek, Azkoitiko Santa Kutz auzoko muino batean kokatuta dagoen adinekoen San Jose egoitza herrigunera lekualdatzea eskatzeko eta gaia herriratzeko asmoz.