Senitartekoak, lagunak, herrikideak eta politikako aurpegi ezagun ugari elkartu dira gaur arratsean Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundearen parrokian, Xabier Arzalluzen hileta elizkizunerako. Herenegun hil zen politikari jeltzalea, Bilbon, eta Bizkaian lurperatuko dute, baina jaioterrian jaso du azken agurra.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroakoa buru zirela, erakundeetako eta alderdi politikoetako ordezkari andana elkartu da gaur Azkoitian. EAJko ordezkaritza, Arzalluzen alderdikideena, izan da, nola ez zabalena: Jaurlaritzaren sailburu jeltzale guztiak, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ahaldun nagusiak, Imanol Lasa foru diputatua, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea, Eneko Goia Donostiako alkatea, Javier Zubizarreta Azkoitikoa, Bingen Zupiria sailburuordea, Aitor Esteban eta Joseba Agirretxea diputatuak, Andoni Ortuzar EBBren burua, Joseba Egibar GBBkoa, Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusi ohi azkoitiarra, Iñaki Gerenabarrena sailburu ohia eta Nerea Zubizarreta Azkoitiko alkate ohia zeuden horien artean.
Beste alderdietako ordezkariak ere ez dira falta izan. EH Bilduko Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte eta Josu Juaristi azkoitiarra han izan dira, baita PSE-EEko buru Idoia Mendia eta Iñaki Arriola sailburua ere, besteak beste. Euskal Herrikoak ez ezik, Kataluniako eta Galiziako politikariak ere izan dira Arzalluzen agurrean: Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilaria, Eduard Pujol Junts per Catalunyako diputatua, Gabriel Rufian ERCko diputatua, PDeCATeko Marta Pascal, eta Xose Manuel Beiras, besteak beste. Pedro Miguel Etxenike zientzialari eta jaurlaritzaren sailburu ohia ere hiletara joan da, Baita Leopoldo eta Miguel Zugaza aita-semeak ere.
Hilkutxa sartzerakoan zein ateratzerakoan, eliza sarrerako eskaileren bi aldeetan ikurrinekin pasabidea osatu dute gazte batzuek. Eliza beteta egon da, eta kanpotik ere entzun ahal izan da elizkizuna, bozgorailuetatik. Mezaren amaieran, Xabier Euzkitzek hiru bertso eskaini dizkio Arzalluzi, eta Urrategi Amari eskainitako kantua abesten zuten bitartean atera dute hilkutxa elizatik. Kanpoan, ikurrinen artean, Eusko Gudariak kantatu dute, eta "gora Euskadi askatuta" oihu egin ondoren, Arzalluzen gorpua txalo artean agurtzen zuten bitartean.
Hemen, Xabier Arzalluzen hileta garaian hartutako argazkiak: