Ohikoa den moduan, umeek ekin diete Inauteriei Azkoitian, eta kolorez zein musikaz alaitu dituzte herriko kaleak. Irudimenaz zein umoreaz baliatuta, askotariko mozorroak jantzi dituzte ikastetxeetako umeek, eta eguraldia lagun, aurten kalejira egiteko aukera izan dute haurrek, iaz ez bezala. Segidan, herriko plazan elkartu dira guztiak, eta Oihan Vega musika jartzailearekin dantzan arituko dira oinak nekatu arte.
Arratsaldeko saioa amaituta, gauen jarraituko du gaztetxoen mozorro festak. Izan ere, 21:30etik 23:30era artean 12 eta 17 urte bitarteko gazteen mozorro lehiaketa egingo dute, eta festa giroa izango da nagusi DJ Xabi Festekin, Elkargunean.
Bihar, larunbata, izango da Inauterietako egun nagusia Azkoitian. Orduan, umeek ez ezik, helduek ere emango diote segida festari, eta eguerditik aurrera, ez da mozorrorik eta ekitaldirik faltako herrian. Honako egitarau hau prestatu dute biharko:
– 12:00. Txalkor txistulari taldea.
– 13:00. Udal Musika Bandaren eta Bizkargi musika eskolako banda txikiaren kalejira.
– 16:30. Zumba Testaren kalejira eta ondoren, herriko plazan, zumba emanaldia.
– 18:00. Haurrentzat berbena Kantu Kolorerekin, plazan.
– 19:30-20:30. Ilargi Beltza taldearekin dantzaldia, plazan.
– 22:30. Ilargi Beltza taldearekin dantzaldia, plazan.
– 00:00. Helduen mozorro lehiaketako sari banaketa, plazan.
[flickr_set id="72157703758116222"]