Azkoitiaren "lagunkoitasuna", herritarren begietatik

Ane Olaizola 2019ko martxoaren 1a

Azkoitia Lagunkoia taldeak azken bi urteetan egin duen diagnostikoaren emaitzak plazaratu ditu. Inkesten, topaketen eta bileren bitartean, Azkoitia adinekoentzako zenbateraino den lagunkoia aztertu dute herritarrek, eta emaitzen arabera, herritarrek positiboen baloratu dituzten eremuak honako hauek dira: bizilagunekin duten harremana, garraioa eta gizarte zein osasun zerbitzuak.

Azkoitia Lagunkoiak azken bi urteetan egin duen diagnostikoaren emaitzak aurkeztu zituzten atzo, osteguna, Elkargunean. Taldeko kideak ez ezik, udaleko ordezkariak eta hainbat herritar elkartu ziren saioan, eta azterketaren nondik norakoak izan zituzten hizpide.

Zortzi arlotan banatuta, Azkoitia adinekoentzako zenbateraino den lagunkoia azaldu zuten bileran. Izan ere, azterketaren helburua izan da azkoitarrek "herriaren argazkia" egitea. Hain zuzen ere, herriaren alderdi orokorra, aire zabaleko espazioa, garraioa, etxebizitza, partaidetza eta gizarte sarea, errespetua eta gizarteratzea, komunikazioa eta informazioa eta gizarte eta osasun zerbitzuak gaiak oinarri hartuta, horien inguruko iritzia plazaratu dute herritarrek. Finean, herritarren egunerokotasunean eragiten duten "arlo guztiak" jorratu dituzte. Horien artean, herritarrek positiboen baloratu dituzten eremuak honako hauek dira: bizilagunekin duten harremana, garraioa eta gizarte zein osasun zerbitzuak. Aldiz, iritzi negatibo gehien jaso dituen arloak informazioa eta komunikazioa, parte hartzea eta etxebizitzak dira.

Aurrera begira, berriz, adinekoentzako ibilbide osasungarriak eta etxebizitzaren inguruko hitzaldiak antolatzea eta udaleko Ongizate sailak eskaintzen dituen zerbitzuak hobeto ezagutarazteko asmoa azaldu zuten agerraldian. Diagnostikoaren liburuxka osoa, berriz, udaletxeko harrera edota www.azkoitia.eus webgunean jarri dute eskuragarri.

Euskadi Lagunkoia Sustraietatik Eusko Jaurlaritzaren adar bat da, adinekoen bizi kalitatea hobetzea helburu duena. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herri ari da parte hartzen egitasmo horretan, eta horien artean da Azkoitia. Azkoitia 2017ko maiatzean batu zen proiektura, eta orduan sortu zen diagnostikoa egin duen talde eragilea. Azken bi urteetan egin dituzten topaketetatik, bileretatik zein inkestetatik osatu dute diagnostikoa, taldeak adierazi duenez, hurrengo pausoa izango da proposatutako ekintzetako batzuk zehaztea eta martxan jartzea. Gainera, aurreratu zuten prozesua "ziklikoa" izango dela eta ez da inoiz amaituko. "Martxan jarritako ekintzak baloratu ahala, berriz horien diagnostikoak egingo ditugu", azaldu du. Horrez gain, azpimarratu zuten herritarrak direla Azkoitia Lagunkoiaren "motorra", eta horien inplikazioa ezinbestekotzat jo du egitasmoa aurrera eramateko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide