Lidl berria zabaldu dute duela gutxi Azkoitian, eta eraikin zaharreko aparkalekua herritar guztientzat erabilgarri jarri du udalak. Udalak jakinarazi duenez, doakoa eta publikoa izango da aparkalekua, eta 75 aparkaleku inguru izango dira eremu horretan. Lursail hori egokitzea posible izan da lur horien jabetza Azkoitia Lantzenena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena den Etorlur sozietate publikoarena delako. Supermerkatu kateak alokairuan zituen instalazioak, eta alde bien arteko kontratua atzo amaitzen zen, otsailaren 28an.
Gainera, sarrera-irteerak erraztuko dituzte. Orain arteko sarrera erabiliko da sartzeko eta irteteko, eta irteera berri bat eraikiko dute Julio Urkixo alderantz, autoek eta oinezkoek erabili ahalko dutena. Udaleko brigadako langileak arduratuko dira irteera berria egiteaz datozen egunetan. Udalaren arabera, Insaustiko bizitegi-gunearen garapenak uzten duen arte mantenduko dute gunea aparkaleku publiko gisa.