Karnabaletan, ileorderik ez

Ihintza Elustondo 2019ko martxoaren 1a

Azkoitiko kuadrilla, iaz bikingoz jantzita. (Hitza)

Azkoitian bada inauteriak bereziki gustuko dituen lagun kuadrilla bat. 34-35 urteren bueltan dituzte, eta haiek irabazi dituzte azken hiru urteotako lehiaketetako taldeko sari nagusiak. Iaz bikingoz mozorrotu ziren; duela bi urte, AEBetako amish komunitateaz; horren aurretik, Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldeko biztanleen itxura hartu zuten; moto gidariz jantzi ziren beste urte batean; Ramones eta Pussy Riot musika taldeez jantzi eta kontzertuak emandakoak ere badira... Lana hartzen dute inauterietarako prestatzerakoan, baina esan beharrik ez dago gero «primeran» pasatzen dutela. Kuadrilla horretako hiru kide dira Xabier Arenaza, Gema Lopez eta Josu Usobiaga.

Azken urteetan hamabost-hogei laguneko kuadrilla mozorrotu izan da, baina hastapenetan ez ziren hainbeste lagun elkartzen. Usobiaga da taldean mozorrotzen urte gehien daramatzan kideetako bat; 18-19 urte zituela jantzi zen kuadrillakoekin aurrenekoz: "Lau lagunek kontzertua eman genuen eliz atarian Ramones musika taldeaz mozorrotuta. Orduan hasi ginen bakoitza bere erara mozorrotu beharrean taldean janzten". Eta, pixkanaka-pixkanaka, jende gehiago batu da taldera. Iaz iritsi ziren "mugara": 20-25 lagun atera ziren elkarrekin.

Askotariko mozorroak aukeratu izan dituzte, eta ideiak biltzeko ere ez dute modu zehatz bat: "Data gerturatu ahala, bakoitzak dituen ideiak botatzen ditu, eta pixka bat eztabaidatu ostean, gehien gustatzen zaiguna aukeratzen dugu".

Mozorroek elkarren artean zerikusirik izaten ez duten arren, badira urtero errepikatzen diren zenbait patroi. "Mozorro bat erabakitzen dugu, eta mozorro horretaz bakoitzak bere ideia egiten du. Ez gara denok berdin janzten, bakoitzak bere erara moldatzen du jantzia", azaldu du Usobiagak. Haren iritziz, aniztasun horrek ematen dio "indarra" mozorroari.

Etxeko arropen aldekoak
Ez dira dendara joan eta goitik behera inauterietako jantziak erosten dituzten horietakoak. Etxean zer duten begiratzen dute aurrena, eta horrekin moldatzen dira gehienbat; gero, falta zaizkien osagarriak erosten dituzte. Horrez gain, "tramankulu" zaleak dira. Moto gidariz jantzi zirenean, motoekin atera ziren kalera; bikingoz jantzi zirenean, itsasontziarekin; hegazkinak egin zituzten beste urte batean; parrillada ere bai AEBetako hegoaldekoez jantzi zirenean... "Katxarroren bat egitea ondo etortzen da beti", dio Usobiagak.

Bada garrantzitsua den beste elementu bat haien kuadrillan: bizarrarekin edo ilearekin "edozer" egitea. Ileordea jantzi beharrean, benetako ilearekin egiten dituzte moldaketak, eta horrek bere "ukitua" ematen dio mozorroari. Arenazaren arabera, ez dago konparatzerik "plastikozko burusoil bat jartzea edo ilea benetan zerora moztea". Iaz, bikingoz janzteko, batek baino gehiagok moztu zuen ilea erabat. "Bestela ere ez daukagu asko eta...", bota du Usobiagak.

Moztu behar denean moztu, eta luzea behar bada ez moztu; denera animatzen dira kuadrillako kideak. Hilabeteak pasatu izan dituzte bizarra moztu gabe, nahiz eta mozorroa erabaki gabe izan. "Badaezpada bizarra luzatzen lagatzen dugu, eta gero pentsatzen dugu zer egin", azaldu du Arenazak. Lopezen iritziz, "errealismo" ukitua ematen diete halako detaileek mozorroei.

Azken urteetan, hainbat sari irabazi du lagun kuadrillak, baina Lopezen arabera, ez da hori izaten helburua. "Inauteriak gustatzen zaizkigulako eta ondo pasatzen dugulako mozorrotzen gara". Arenazaren esanetan, ohiko mozorroren bat jantzita, karnabalak ez dira izaten hain dibertigarriak. "Sekulako aldea dago mozorro ederra eduki edo ez. Irten izan naiz mozorro tipiko bat jantzita,eta ez da gauza bera. Beste xarma bat du paperean sartzeak".

Aukeratutako mozorroa aukeratu, "tramankuluak eta osagarriak" dira inportanteak, haien ustez: pertsonaiaren rolean sartzea, hortzak beltzez margotzea... Edozer egiteko prest egoten dira, karnabalak ondo pasatzeko. Inauterietan kalera polit ateratze hori ez da beraien estiloa. "Ez, ez, hori Azpeitiko Txikiteo Elegante Egunean...".

Aurtengoan iaz baino talde txikiagoa aterako da mozorrotuta, eta jendeak itxaropen handia izanagatik, iaz bezalako prestakuntzarik ez dutela egin aurreratu dute. Dena den, prest daude, urtero bezala, mozorro festari zukua ateratzeko.

Hona hemen azken urteetan jantzi dituzten mozorroak ikus daitezkeen zenbait irudi:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide