Plastikoari sarekada

Gipuzkoako Hitza 2019ko mar. 1a, 10:38

Azkoitiko Udalak metalezko sarearekin itxi ditu herriko hainbat gunetako baranda azpiak, plastikoa ibaira joatea saihesteko. Eraginkorra dela ikusten bada, leku gehiagotan jarriko dute. Hartu duten neurriaren gaineko honako artikulu hau argitaratu du Gipuzkoako Hitzak:

Inork ez daki zehatz zenbat hondakin dagoen itsasoan. Aldiz, itsasoan dauden hondakinen %80 plastikoa dela bai, badaude hori ziurtatzen duten ikerketak. Urtean, ia 500 milioi tona plastiko ekoizten dira munduan, eta horietatik ia hamar milioi tonak itsasoan bukatzen du. Eta beste datu bat: itsas hondakinen %80 inguruk lehorreko jardueretan dute jatorria; alegia, lehorrean sortzen diren arren, itsasoan bukatzen dute. Errekak eta ibaiak dira itsasoranzko autobide nagusiak; jatorria lehorrean duten plastikoen %80 erreka eta ibai bidez iristen da ozeanoetara.

Zientzialariek ez dute argi plastikoak zenbat denbora behar duen biodegradatzeko; ez dakite guztiz biodegradatzera iristen ote den ere. Bitartean, itsasoan pilatzen ari da plastikoa, etenik gabe hazten ari diren eremuetan, plastikozko irlak deiturikoetan. Gaur-gaurkoz, itsaslasterren, zurrunbiloen eta haizearen eraginez sortutako bost zabortegi daude: bi, Ozeano Barean; bi, Atlantikoan; eta bestea, Indiakoan. Ozeano Barearen iparraldean dago handiena, Kalifornia eta Hawaii artean: 1,6 milioi kilometro koadro hartzen du, Espainiako Estatuak halako hiru, eta 80.000 tona plastiko dago han.

Jarraitu artikulua irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide