Xabier Arzalluz (Azkoitia, 1932) politikari jeltzale historikoa hil da gaur, osteguna, Bilbon. 86 urterekin hil da EAJren buru izandakoa, eta hain zuzen ere, EAJk berak eman du Arzalluzen heriotzaren berri sare sozialetan. Jaioterrian, Azkoitian, egingo dute Arzalluzen hileta elizkizuna, larunbatean, 19:00etan hasita, Ama Birjinaren Jasokundearen parrokian.
Bi arotan izan zen azkoitiarra Euskadi Buru Batzarreko (EBB) presidentea: 1980tik 1984ra eta 1987tik 2004ra. Euskal politikagintzako pertsonarik ezagunenetakoa izan da Arzalluz. EAJren urterik kritikoenetan izan zen buruzagi; izan ere, Eusko Alkartasunaren eszisioan berak zuzendu zuen alderdi jeltzalea.
Javier Ortiz kazetariak Arzalluzekin izandako solasaldiek politikari azkoitiarraren ibilbidea Xabier Arzalluz, así fue biografian jasotzeko balio izan zuten 2005ean, eta bere sustraiez, familiaz eta ikasketez zituen oroitzapenak bildu zituen han. Hain zuzen ere, familiaz, Azkoitiko jendeaz eta hango industrializazioaz honako adierazpen hauek egin zituen Arzalluzek:
"Ni hazi nintzen Azkoitia abarketazale herri bat zen. 50. hamarkada arte halaxe izan zen gutxienez, jendea oraindik abarketatan ibiltzen zen. Mundu Gerran izugarrizko arrakasta izan zuen abarketak, gero, pixkanaka-pixkanaka, gainbeheraka joan zen. Orduan, herria metalgintza industriara zuzendu zen. Gaur egun, Azkoitia metalgintzan oinarritzen da, industrian".
"Oso ondo hitz egiten dut Azkoitiko jendeaz, oso jende ona da eta. Ez dut zentzu erlijiosoan esaten. Bihotz oneko jendea da. Azkoitianoak zintzoak garela diote. Bada definitzen gaituen adjetiboa: xanoak. Sano-tik dator, baina euskaraz esanahi gehiago hartzen ditu: egiazko, izaera irekiduna, tolezgabe. Apur bat xaloak gara. Izaera horrek orokorrean ondorio onuragarria izan du beti. Jendea gauza askotarako elkartzen zen".
2005ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen azkoitiarrak Garaikoetxearekin, Uriarterekin eta Garcia Añoverosekin batera, Kontzertu Ekonomikoa berrezartzeko egindako lanagatik. Joan zen urteko martxoan, berriz, EBBko buruzagi izandakoari omenaldia egin zion EAJk; Donostiako Antiguako Batzokiak zuzendu eta egindako Xabier Arzalluz Antia. Euskadiko historia politikoa dokumentala estreinatu zuten. Ikus-entzunezkoaren aurkezpenean izan zen Arzalluz bera. Hark bere ibilbide politikoari zein Euskal Herriko azken 50 urteetako hainbat gertaerari buruzko iritziei eta ikuspuntuei ahotsa jarri zien dokumentalean.
Arzalluzek aurkezpenean esan zuenez, politika "edozein herriren aukera handia" da. Arzalluzek abertzaletasunaz, EAJz, herri eraikuntzaz, Kataluniaz, Espainiaz, EAJz eta ezker abertzaleaz, ETAz, estatu indarkeriaz, EAJren zatiketaz, EAz, Espainiako erregeaz, erabakitzeko eskubideaz, Lizarra-Garaziz eta Ibarretxeren garaiaz errepasoa egin zuen dokumentealean. "Argi" zeukan EAJren etorkizuneko zeregina zein den: "Euskadi askatzea".
Aurkezpen hura izan zen Arzalluzek jendaurrean hitza hartu zuen azkenengo aldietakoa. Joan zen abuztuaren 1ean, San Inazio bigarrenez, berriz, Loiolan izan zen, Azpeitiko jaien barruan erakundeetako ordezkariek egiten duten korporazioa zela eta.
Familia karlista batean jaioa
Zazpi seme-alabetan gazteena, familia karlista batean hazi eta hezi zen Arzalluz. 1943tik hainbat apaiztegitan ikasi zuen, eta Zaragozan (Espainia) Zuzenbide eta Filosofia ikasi zuen. 1962an, berriz, Teologia ikasketak egin zituen Frankfurten (Alemania), eta urtebetera apaiz izendatu zuten.
Ibilbide politikoaren zertzeladak
Espainiako trantsizioan nahiz Gernikako Estatutuaren negoziazioan eta garapenean paper garrantzitsua izan zuen Arzallusek. Izan ere, EAJko presidente izan aurretik, frankismoaren azken urteetan hainbat bileretan parte hartu zuen Espainiako Gobernuko kideekin, baita frankismoa amaitu ondorengo hilabeteetan ere. 1977an, Espainiako Kongresurako diputatu aukeratua izan zen, Gipuzkoan. Handik urtebetera, 1978an, Konstituzioaren aurreproiektuari emendakinak aurkezteko EAJren taldeko kide izan zen. 1979tik aurrera, Gernikako Estatutuari buruzko negoziazioetan parte hartu zuen Carlos Garaikoetxea, Emilio Guevara, Jose Luis Cuerda eta Juan Mari Ollorarekin batera.
EAJk bizitako alderdi krisirik larriena gertutik ezagutu zuen Arzalluzek, lehen pertsonan bizi izan baitzuen EAJko hainbat kidek alderdia utzi eta Eusko Alkartasuna sortzea erabaki zuten garaia. 1988an, PSErekin adostutako Ajuria Eneako Ituna sinatu zuen, EAJren izenean.
HITZAk egindako elkarrizketa
UROLA KOSTAKO HITZA egunkariak Arzalluzi elkarrizketa egin zion 2005eko urtarrilaren 30ean. Honako bi lotura hauetan –I eta II– irakur daiteke elkarrizketa osoa.