Egoitza herriguneratzearen aldeko 820 sinadura bildu dituzte Azkoitian

Julene Frantzesena 2019ko otsailaren 28a

Aurrerantzean ere sindurak bilduko ditu Egoitza Kalera taldeak, zapatuetan eta astelehenetan. Egoitza herrigunera lekualdatzea eskatzen du taldeak, gaur egun duen kokapena ez delako egokia. Herritarrei eskaerarekin bat egiteko deia egin dio taldeak, eta erakundeei gaiari arreta jartzea galdegin dio.

Egoitza Kalera taldeko kideak sinadurak biltzen.

San Jose egoitza herrigunera gerturatzea eskatzeko sinadura bilketa hasi du Egoitza Kalera taldeak Azkoitian. Joan zen larunbatean eta astelehenean jarri zuten sinadurak biltzeko mahaia herrian, eta dagoeneko 820 lagunek eman diote atxikimendua taldearen eskaerari. Hala ere, taldeak azaldu du aurrerantzean ere segituko duela sindurak jasotzen: larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara jarriko dute mahaia, eliz atarian; astelehenetan, berriz, 12:00etatik 12:30era, Kontzejupean.

Orain dela aste batzuk sortu zuten Egoitza Kalera taldea hainbat herritarrek, Azkoitiko Santa Kutz auzoko muino batean kokatuta dagoen adinekoen San Jose egoitza herrigunera lekualdatzea eskatzeko eta gaia herriratzeko. Hain zuzen ere, egoitzaren kokapena ez zaie egokia iruditzen talde horretako kideei: "Duela 40 bat urte egin zuten egoitza, eta zalantzarik ez dugu garai hartan leku hura egokia zelako egingo zutela bertan. Dena den, urteekin gauzak aldatu egin dira, zahartzaroa ere aldatu egin da, beste ezaugarri batzuk ditu, eta horri guztiari lotuta, gaur egun ez dago oso leku egokian".

Hori esateko arrazoi nagusia "irisgarritasuna" da taldeko kideen aburuz. Horiek jakinarazi dutenez, egoitzara iristeko "aldapa handia" dago, eta gainera, herrigunetik aparte dago erakina. «Boluntarioak eta familiako kideak joaten dira egoiliarrei bisitak egitera, baina sartu-irtenerako ez da leku egokia". Haien ustez, egoitza kaletik gertuago balego, herritarrak "errazago" joango lirateke bisitara edo egoiliarrak agurtzera: "Bizi kalitatea irabaziko lukete bai egoiliarrek, bai haien familiakoek nahiz gertukoek". Izan ere, Egoitza Kalerako ordezkariek uste dute egoiliarrek ere izan behar dutela kalera ateratzeko aukera, eta gaur egun horretarako erraztasun handirik ez dutelakoan daude. "Gurpil aulkietan daudenek, adibidez, ezin dute malda igo eta jaitsi, eta etxearen parean dagoen korredorea da horiek beren kabuz mugi daitezkeen leku bakarra".

Aspaldiko eskaera

Egoitza Kalera taldea duela aste batzuk hasi zen egoitza lekualdatzeko eskaera publiko egiten, baina taldekideek adierazi dutenez, gaia ez da bat-batean herriratu. "Kalean zegoen lehen ere gaia; herritar askok esaten zuten egoitzaren kokapena ez zela oso egokia". Orain, baina, antolatzen hasi da hainbat herritar, gaia mahaigaineratzeko beharra ikusi duelako: "Ikusten dugu erakundeak-eta adinekoen gaiari eusten ari direla, hainbat egitasmo martxan jartzen ari direla, eta uste dugu hauxe dela gaia gizarteratzeko unea".
Egoitza Kalera taldeko kideek azaldu dutenez, "garrantzitsua" da adinekoen egoitza herrigunean izatea, eta herritar asko iritzi berekoak direla adierazi dute. "Boluntarioekin eta senideekin hitz egin dugu gaiaz, baita egoitzan senideren bat edo gertukoren bat izan dutenekin eta gaur egun dituztenekin ere. Eta uste dugu egoiliarrek eta haiengana joaten direnek herrira ateratzeko aukera izan behar dutela".

Hain zuzen ere, taldeko ordezkariek adierazi dutenez, egoitza lekualdatzea zenbat herritarrek nahi duten jakiteko hasi dira sinadurak biltzen, "herrian gaiarekiko interesik ba al dagoen jakiteko". Haiek esan dutenez, aurrena gutun bat eman zieten herriko eragileei, hala nola udalari, Parrokiari eta San Jose egoitzako ordezkariei, eta gero hasi zuten sinadura bilketa.

Gaiari heltzeko eskaera

Behin bilketa bukatzean –ez dute data jakinik zehaztu–, udalean aurkeztuko dituzte sinadurak. "Eskaera, ordea, ez da orain udalean agintean dauden politikarientzat soilik, denentzat baizik. Gu herritarren eta erakundeen arteko zubi lana egiten hasi gara, baina badakigu egoitza lekuz aldatzea erabakitzen badute ere, horretarako denbora beharko dela. Gainera, badakigu inbertsio handia eskatzen duela halako lekualdaketa bat egiteak. Eta agintean dagoena dagoela, eskaerarekin segituko dugu". Taldeak argi utzi du badakitela proiektua ezingo dela "egun batetik bestera" gauzatu, eta horregatik erakundeei gaiari arreta jartzen hasteko eskatu die: "Gaiaz pentsatzen hasteko eskatu nahi diegu, gero lanean hasteko".

Herritarrei, berriz, sinadura bilketan parte hartzeko deia egin die Egoitza Kalera taldeak, "denen interesengatik" ari delako lanean. "Orain arte jasotako sinadura kopurua ikusita, gaiarekin jendea kezkatuta dagoela uste dugu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide