Azkoitiko Hizkuntz Eskolako kideak 2018-2019 ikasturtean daude murgilduta, baina udalak dagoeneko jakinarazi du datorren ikasturtean zer ikastaro eskainiko dituzten han. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Gaztaneneako eskaintza zabaltzea erabaki du, eta besteak beste, euskara ikastaroa eskaintzeko konpromisoa hartu du. Horrenbestez, euskara, ingelesa, alemana eta frantsesa ikasteko aukera izango dute herritarrek datorren ikasturtetik aurrera.
Euskararen C1 maila izango da 2019-20 ikasturtean Gaztanenea eskolan eskainiko dutena. Horrez gain, ingeleseko C1 maila ere emango dute estreineko aldiz han. "Datorren ikasturteari dagokionez, gauzarik hoberena da ingelesean B2 gainditzen dutenek edota lehendabiziko aldiz maila horretan izena ematen dutenek ez dutela Eibarreraino joan beharrik izango. Hau da, ikasketekin Azkoitian bertan jarraitu ahal izango dute", esan du Marijose Arregi Azkoitiko Udaleko Hezkuntza zinegotziak. Ingelesa ez ezik, frantseseko eskaintza ere zabaldu egingo dute,gainera; joan zen ikasturtean hasi ziren frantsesa irakasten Gaztanenean, eta orain arte A1 maila bakarrik eskaintzen zuten han. Hurrengo ikasturtetik aurrera, ordea, A2 maila egiteko aukera ere egongo da.
Honako hau izango da, beraz, Gaztaneneak datorren ikasturtetik aurrera izango duen eskaintza osoa:
Ingelesa: B.2.1, B2.2 eta C1 mailak. Guztira, lau talde egongo dira.
Frantsesa: A1 eta A2 mailak. Guztira, bi talde egongo dira.
Alemana: A1 eta A2 mailak. Guztira, bi talde egongo dira.
Euskara: C1 maila. Maila bakarra egongo da.
Horrez gain, azken urteetan bezala, aisialdirako eskaintzak prestatu dituzte datozen hilabeteetarako, herritarrek atzerriko hizkuntzak praktika ditzaten. Hori hala, pintxo potea egingo dute ingelesez beste behin, eta Gaztaneneako kideek ez ezik, interesa duen edozein herritarrek parte hartu ahal izango dute han. Martxoaren 14an eta 28an, apirilaren 4an eta 11n eta maiatzaren 9an eta 23an egingo dute pintxo potea, 19:30etik 21:00etara artean, eta han parte hartzen dutenek hiztun natibo baten laguntza izango dute ingelesez hitz egiteko.
Bestalde, alemana praktikatzeko ekintzak ere antolatu ditu udalak, eta doakoak zein herritar guztientzako solasaldiak eta film emanadiak egingo dituzte. Honako egitarau hau prestatu dute:
Martxoak 13, asteazkena (18:00): Alemanari buruzko aurkezpena. Ikuspegi politikoa, geografikoa, soziala, erlijiosoa eta hizkuntzari dagokiona.
Martxoak 27, asteazkena (18:00): Alemanen izaera, hango gizarte ohiturak eta hierarkia, festak, janaria, edaria…
Apirilak 3, asteazkena (18:00): Alemaniako sektore ekonomiko nagusiak, energia berriztagarriak, birziklapena…
Apirilak 10, asteazkena (19:00): Das Leben der Anderen filma, jatorrizko bertsioan.
Maiatzak 8, asteazkena (18:00): Eskola eta unibertsitate sistema. Alemanian ikasteko eta lan egiteko aukerak.
Maiatzak 15, asteazkena (19:00): Emakumeen eta gizonen rola, soldata arrakala, e.a.