Azkoitiko Zalduntxoen, Beidazar eta Nemesio Otaño kaleetako hainbat tartetan espaloiak konpontzeko lanak esleitu ditu udalak. Zalduntxoen kaleko laugarren zenbakiaren aurrealdeko espaloia eta Ertzaintzaren eraikina inguratzen duen espaloia guztiz berrituko dituzte, Beidazar kaleko aldapatik hasi eta Nemesio Otaño kaleko eskaileretaraino. Horrez gain, saneamenduko azpiegiturak berrituko dituzte, euri urak eta ur fekalak bananduz. Halaber, argiteria sarea eta hainbat farola berrituko dituzte.
Esleipen prozeduran hiru enpresak parte hartu dute, eta Egurkiri esleitu dizkiote lanak. 182.428,99 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute lanek, eta obrek bi hilabete iraungo dutela aurreikusten du udalak.