San Jose egoitza herrigunera gerturatzea eskatzeko, Egoitza Kalera taldea sortu berri dute Azkoitian. Adinekoen egoitzaren kokapena ez dela egokiena iruditzen zaio taldeari, herrigunetik aparte egoteaz gain, hara joateko irisgarritasun arazoak sortzen direlako. Hori dela eta, gizartean "kontzientzia" sortzea nahi dute, eta era berean, Azkoitiko Udalari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaerak aurkeztuko dizkiete adinekoen egoitza kalera gertura dezaten.
Eskaera hori aurrera eramateko, sinadura bilketa hasi zuen Egoitza Kalera taldeak joan den larunbatean. Egun bakar batean, 700 sinaduratik gora bildu zituzten, eta gaur, bigarrengoz jarri dute sinadurak jasotzeko mahaia, Kontzejupean. Gaur beste ehun sinadura inguru bildu dituzte, eta taldeko ordezkarien arabera, 820 herritar ingururen babesa jaso du oraingoz eskaerak. Aurrerantzean, astelehenetan eta larunbatetan izango da idatzia sinatzeko aukera: astelehenetan, 12:00etatik 12:30era, Kontzejupean; eta larunbatetan, eliz atarian, 11:00etatik 13:00etara.