Azkoitiko Gazte Geroa taldeak lau hitzaldi antolatu ditu datozen hilabeteetarako

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 24a

Lehen solasaldia Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioko historialariak emango du; bigarrena, Xabier Madariaga 'Ur Handitan' saioaren gidariak; hirugarrena, Xabier Euzkitze kultur eragile eta aholkulariak; eta laugarrena, Leire Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Martxoan, apirilean, maiatzean eta ekainean izango dira solasaldiak, Elkargunean.

Azkoitiko Gazte Geroa taldeak hiru hitzaldi antolatu ditu datozen hilabeteetarako. Komunikabideen esparruan lan egiten duten edo harekin lotura duten hiru lagunek eskainiko dituzte solasaldiak.

Aurrenekoa, martxoaren 14an, ostegunez, izango da, Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazioko historialariak eskainita. 18:30erako jarri dute hitzordua Elkargunean, eta euskal erbestea izango du hizpide Goioagak.

Bigarren hitzaldia ETB1eko Ur handitan saioaren aurkezle Xabier Madariagak eskainiko du, apirilaren 11n (osteguna). Kazetari baten bizipenak mundu zabalean izenburua jarri diote solasaldiari, eta kazetariak bere ibilbideko zenbait zertzelada kontatuko du. Saio hori ere 18:30etik aurrera izango da, Elkargunean.

Hirugarren solasaldia Xabier Euzkitze kultur eragile eta aholkulariak emango du maiatzaren 2an (osteguna), Euskal kulturaren eguna eta etorkizuna izenburupean. Elkargunean izango da solasaldia, 18:30ean.

Laugarren eta azken hitzaldia Leire Arrieta Deustuko Unibertsitateko historia irakaslearena izango da. Hain zuzen ere, Euskadi Irratiaren sorrera eta ibilbidea izenburupean eskainiko du hitzaldia Arrietak. Maiatzaren 13an, ostegunez, 18:30ean izango da solasaldia, Elkargunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide