Aurki hasiko dituzte Aizpurutxon espaloia eta zubia egiteko lanak

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 23a

Dagoeneko hasi dira Aizpurutxoko zeharbideko obren izapideekin; otsailaren 21eko GAOn argitaratu zuten Aizpurutxo lanen jendaurreko prozesua martxan dela. Erdikobenta eta Kaminero etxearen artean espaloia egingo dute, eta zubi bat ere bai Urola ibaia gurutzatzeko. Obrak lau hilabetean bukatuko dituzte.

Joan zen abenduan jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidea berrituko eta egokituko zutela, eta dagoeneko hasi dira Aizpurutxoko zeharbideko obren izapideekin. Izan ere, otsailaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu zuten Aizpurutxoko lanen jendaurreko prozesua martxan dela.

Lan horien barruan, Erdikobenta eta Kaminero etxearen artean espaloia egingo dute, modu horretan oinezkoen errepidetik ibili beharrik ez izateko. 24 metroko egurrezko zubi edo pasabide bat ere egingo dute, Urola ibaia gurutzatu ahal izateko; han ere 60 metro luzeko espaloia egingo dute, oinezkoak errepidera atera ez daitezen.

Lan horien oinarrizko aurrekontua 337.291,11 eurokoa da (BEZ barne), eta lanak egiteko epea lau hilabetekoa izango da, obraren plangintzaren arabera. GI-631 errepidea hobetzeko lehen lanak horiek izango dira, baina aurrerago hiru errepide zatitan aurreratzeko erraiak eraikiko dituzte. Kasu horretan, aldundiak lehentasuna eman dio T2 bide zatiari, eta lan horien exekuzio proiektua ere gauzatuta dago jada.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide