Udal hauteskundeetarako programaren lehen hamar puntuak aurkeztu ditu Azkoitiko EH Bilduk

Julene Frantzesena 2019ko otsailaren 23a

EH Bilduk azaldu duenez, oraindik programa osatzen ari da. Lehen hamar puntuetan, besteak beste, herriaren irisgarritasuna, Elkargunearen publifikazioa nahiz kirol instalazioak hobetzea jaso ditu koalizioak. Horrez gain, pentsiodunentzat, alokairurako nahiz saltoki txikientzat dirulaguntzak jartzea ere aurreikusten du EH Bilduk. Bestalde, herriko kulturaren azterkerta egitea eta berdintasun teknikari bat kontratatzea ere jaso du programan.

Azkoitiko EH Bilduko kideak, agerraldian. (Julene Frantzesena)

Azkoitiko EH Bilduko kideek datorren maiatzeko udal hauteskundeetarako programaren lehen hamar puntuak aurkeztu ditu gaur, zapatua. Hainbat lagunek agerraldia egin dute Oteizaren zazpi frontoietan, eta koalizioko kideek esan dutenez, puntu batzuk aurkeztu badituzte ere, oraindik ere programa osatzen ari dira. Hori dela eta, herritarrek oraindik ekarpenak egin ditzaketela gogorarazi dute EH Bilduko ordezkariek.

Azkoitiko irisgarritasun plana jarri dute programako lehen puntu gisa, eta EH Bilduren Azkoitiko alkategai Ainara Goenagak azaldu du "behar gehien" dituzten auzoak lehenetsiko dituztela, hala nola Floreaga, San Martin nahiz Plaza Berria. "Irisgarritasuna guretzat oso garrantzitsua da, herritarren eskubideez ari gara, eta horiek errespetatzeko lan egingo dugu", esan du. Gainera, Floreaga auzoko laugarren faseko igogailua "ahalik eta lasterren" gauzatuko dutela adierazi du, epe muga 2019. urtean jarrita.

Koalizioak Elkargunearen pribatizazioari bukaera emango diola ere azaldu du Goenagak: "Kudeaketa zuzen eta publikoa ahalbidetuko dugu". Izan ere, EH Bilduk gogorarazi duenez, aurten hamar urte beteko dira Elkarguneko kontratua sinatu zutenetik, eta aurten bertan bukatuko da. "Elkarguneak herritarrei eskaintzen dien zerbitzua hobetuko dugu, bertako langileei baldintza duinak eskaintzeko".

Bestalde, EH Bilduk lehentasunen artean du Azkoitiko kirol instalazioen egokitzapena eta berritzea gauzatzea, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Koalizioak azaldu duenez, igerilekua eta futbol zelai txikia zaharkituta daude, eta horiek hobetu eta berrituko dituela jaso du programan. Gainera, pentsiodunak ere izan ditu kontuan koalizioak, horien bizi baldintzak "duintzeko" dirulaguntza sortuko duela iragarri baitu. Horrez gain, Azkoitiko kulturaren egoeraren azterketa egingo dutela adierazi du Goenagak, herriko sortzaileei nahiz kultur eragileei duten balioa aitortzeko.

Berdintasun politikak ere jaso ditu EH Bilduk hauteskundeetarako prestatzen ari den programan; hain zuzen ere, berdintasun teknikaria kontratatzea aurreikusten dutela jakinarazi du Goenagak: "Aspalditik daukagun borroka da hau, eta irtenbidea eman beharrean gaude. Ezinbestekoa da berdintasun teknikari bat izatea udaleko plantillan, herrian berdintasun politikak gauzatzeko".

Bestalde, etxebizitzen alokairurako dirulaguntzen oinarriak aldatu egingo dituela azaldu du alkategaiak, laguntza adin guztietako herritarrengana zabaltzeko xedez. "Azken urteetan ikusi dugu prekarietatea ez dela gazteen zerbait soilik, eta horri irtenbidea emateko egingo dugu aldaketa". Horrez gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ) aldatu egingo dute, familia unitatearen diru sarreren arabera aplika dadin. "Zergen progresibitatean sinesten dugu, eta horregatik, aldatu egingo dugu, gehien duenak gehiago ordain dezan zerga hori", adierazi du Goenagak.

Saltoki txikiak ere izan ditu kontuan EH Bilduk programako hamar puntuak idazterakoan; izan ere, dendari txikiei alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntza sortuko duela azaldu du. "Ikusi dugu dendariek ere egoera larriak igarotzen dituztela, eta hori arintzeko asmoz, lokalaren alokairua ordaintzen laguntzeko dirulaguntza sortuko dugu". Hamargarren puntua, berriz, baserritarrei lotutakoa da. Koalizioak adierazi du esplotazioak eraikitzeko erraztasunak emango dizkietela baserritarrei, horretarako behar diren udal legeak aldatuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide