Azkoitiko Kultur Elkarteak eta udalak elkarlanean antolatutako XXXVII. Bizenta Mogel ipuin lehiaketako sari banaketa egin zuten atzo, otsailak 22, Azkoitiko udaletxean. Aurten, Donostiara joan da ipuin lehiaketako sari nagusia.
Marijoxe Azurtza donostiarraren Laranja koloreko gela lana izan da epaimahaikideentzat sariketara aurkeztutako lanik onena. Karmele Mitxelena oiartzuarra izan da bigarren saritua, Memoria gorria izeneko lanarengatik. Hirugarren saritua, aldiz, Iraitz Legarra markinarra izan da, Suari izeneko ipuinarekin. Legarrak 2017an eta 2018an aurreneko saria eskuratu zuen Bizenta Mogel sariketan. Aurtengo edizioan, 20 lan aurkeztu dituzte euskal literaturako lehen emakume idazlearen izena daraman lehiaketara. Euskara eta literatura goraipatzea du helburu Bizenta Mogel sariketak.
Marijoxe Azurtzak Javier Zubizarreta alkatearen eskutik jaso zuen saria. Zubizarretak aurtengo hiru irabazleen lana eta parte-hartzaile guztiak zoriondu zituen "erakutsitako mailagatik".
Laranja koloreko gela lanak nerabe baten istorioa kontatzen du, eta hezkuntzak gizartean duen garrantzia azpimarratzen du. Bigarren sailkatutako Memoria gorria izeneko ipuinak, aldiz, minbizia diagnostikatu eta bi hilabeteko bizi iraupena ematen dioten emakume baten bizipenak ditu ardatz. Hirugarren sailkatutako Suari lana emakume batek hildako senarrari idatzitako gutuna da.
Epaimahaiak honako irizpideak hartu ditu kontuan: ipuinaren gai nagusiari ematen zaion trataera, irakurlearengan pizten duen interesa, erritmoa eta euskara maila.
Urtero gisan, Azkoitiko Bizkargi musika eskolako musikariek girotu zuten sari banaketa. Aurten, Mikel Urdangarin, Nora Uria eta Josemari Larrañaga biolinistak arduratu ziren hitzordua musikaz janzteaz.
Bizenta Mogel lehiaketako sari banaketaz egitaz gain, 2007. urtetik 2014ra bitartean sariketan nabarmendutako ipuinak biltzen dituen liburua aurkeztu zuen Azkoitiko Udalak atzokoan. Liburuxka nahi duen ororentzat dago eskuragarri Azkoitiko udaletxeko Kultura sailean