Janire Igoa (Azkoitia, 1992) izango da Azkoitiko PSE-EEren alkategaia datozen udal hauteskundeetan. Alderdi sozialistak gaur aurkeztu du hautagaia, Intsausti jauregian egindako agerraldian, eta bertan izan da, Igoaz gain, Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia. Igoak azaldu du "ohore" bat dela berarentzat "azkoitiarrak ordezkatzeko aukera" izatea.
Lanbidez administraria da Igoa, eta gaur egun, idazkari lanak egiten ditu. Azken bi urteotan zinegotzi izan da Azkoitiko Udalean, baina lehen aldiz aurkeztu da alkatetzara. "Badakit gaztea naizela, baina esperientzia lortu dut udaletxean, eta gainera, irakasle onak izan ditut: Miguel Reimundez eta Ventura Garnateo", adierazi du. Haiei eskerrak eman dizkie, egin duten "lanagatik" eta erakutsi duten "konpromisoagatik". "Reimundez eta Garnateo zinegotzi izan ziren PSE-EErekiko konpromisoa adieraztea eta ideia sozialistak defendatzea errazak ez ziren garaietan", gaineratu du.
Azkoitiarrentzat lan egiteko gogoz datorrela azaldu du hautagaiak: "Azkoitiarren beharrei erantzun eraginkor eta fidagarria emateko prest nago, baita guztion bizi kalitatea hobetzeko ere". Jarraian, azken bi urteotan PSE-EEk Azkoitian egindako lanaren errepasoa egin du: "Idiakez Ederra eraikinean hamalau Babes Ofizialeko Etxebizitza eraikitzeko proiektua bultzatu eta kudeatu dugu. Gainera, Floreagan hamalau alokairurako etxebizitza sozial eta beste hamasei BOE eraikitzeko egitasmoa babestu dugu. Horrez gain, Floreagako irisgarritasuna hobetzeko egitasmoaren lehen eta bigarren faseetako proiektuak idaztea onartu dugu 2019ko aurrekontuetan, eta laugarren faseko igogailua berehala egitea da gure apustua. Horrekin batera, igerilekuak handitzeko proiektua egiteko partida aurrekontuetan sartzea bultzatu dugu. Era berean, lortu dugu liburutegian norberak bere kabuz hizkuntzak ikasteko partida bat ezartzea Udal Gobernuak, modu partzial batean bada ere".
Dena den, nahi zuten guztia ez dutela lortu azaldu du, eta "Azkoitiaren alde gehiago" egin nahi dutela. Duela hilabete batzuk, hilerrirako sarbidea egokitzea eskatu zuen alderdi sozialistak, baina proposamen hori Udal Gobernuak atzera bota zuela gogorarazi du Igoak. Gainera, gazteen alokairurako dirulaguntzak handitzea ere galdegin zuen PSE-EEk, eta hori ere ez zuen onartu Azkoitiko Udalbatzak. "Hori gertatzen da egungo Udal Gobernuak gehiengoa duelako udalean; ez du azkoitiar guztientzat gobernatzen, ez du udalerriaren interes orokorretan pentsatzen, eta horregatik, alderdi sozialista inoiz baino gehiago da beharrezkoa". Horregatik, azkoitiar guztiei "babesa" eskatu die datozen udal hauteskundeetarako.
"Emakumea, gaztea eta euskalduna"
Igoaren hitzartzearen ostean, Anduezak hartu du hitza, eta hasteko, "eskerrak" eman dizkio Azkoitiko alkategaiari. "Uste dut zorte izugarria daukagula Gipuzkoako sozialistok; izan ere, ez da erraza leku batzuetan sozialista batek aurpegia ematea, baina askoz ere zailagoa da Janire bezalako pertsona batek hori egitea. Zergatik? Nire ustez, gure alkategaiak dena daukalako: emakumea da, gaztea eta euskalduna. Eta gainera, lan egiteko gaitasuna dauka. Gehiago ezin da eskatu". Igoa bezalako hautagai bat aurkitzea "ez da erraza", haren arabera.
PSE-EEren Gipuzkoako idazkari nagusi izatera iritsi zenean, Anduezak helburu gisa jarri zuen "jende berria eta gaztea" aurkeztea herrietako zerrendetan, eta hark azaldu duenez, Azkoitian bete du asmo hori. Haren beste nahietako bat zen alderdiak Gipuzkoan presentzia handiagoa izatea, kontuan izanda "urte askoan zaila" izan dela "sozialista zinela publikoki esatea". "Zoritxarrez, Euskadiko leku batzuetan ezin izan dugu sozialistok nahi genuen bezalako askatasunez politika egin", azaldu du.
Igoak azken bi urteotan Azkoitiko Udalean "lan aparta" egin duela nabarmendu du Anduezak, eta "ilusioz" dagoela erantsi du. "Igoak ideiak, proposamenak eta proiektuak ditu herritarrentzako, haien bizi kalitatea hobetu dadin".