Argia ikustear da 'K-Baret' antzerki musikatua

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 19a

Azkoitiko Bigoterik Gabea antzerki taldeak hirugarren lana estreinatuko du martxoaren 22an eta 23an, Baztartxo antzokian. Kabaret batean girotutako istorioa kontatuko du lanak, eta aktoreek hango artisten gorabeherak plazaratuko dituzte musikaz lagunduta. Martxoaren 6an jarriko dituzte sarrerak salgai.

Azkoitian sortutako Bigoterik Gabea antzerki taldea bere azken lanaren sortze prozesuan murgilduta dabil. Rise and shine eta Shine Again lanetan institutu bateko gorabeherak jorratu ondoren, bestelako testuinguru batera egingo dute jauzi taldeko gazteek, baina orain arteko estiloa mantenduko dute. Izan ere, antzerki musikatuetatik urrundu gabe, K-Baret hirugarren lana taularatuko dute aurki.

Kabaret batean girotutako istorioa izango da antzerki musikatuan kontatuko dutena. Urteak itxita egon ondoren, Rosek eta Juliettek berriz zabalduko dituzte hango ateak, eta zenbait artistek girotuko dute etxea. Haien bizipenak, ametsak eta amesgaiztoak nahastuko dira kabaret zaharrean, eta Cedric Famcourt narratzaileak gidatuta, ikuslea horren lekuko izango da.

Datozen asteetan ikusiko du argia taldearen azken musikalak. Hain zuzen ere, martxoaren 22an (21:30) eta martxoaren 23an (18:30) estreinatuko dute lana, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Sarrera aurrez erosi nahi duenak hilaren 6tik aurrera izango du horretarako aukera. Gazte Informazio Bulegoan erosi ahal izango du, bost eurotan. Egunean bertan, berriz, zazpi eurotan salduko dituzte sarrerak.

Ikusi antzerki taldeak kaleratu duen aurrerapen bideoa:

https://www.youtube.com/watch?time_continue=89&v=G0VLX0QnpNc

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide