Azkoitiko Udalak saretak jarri ditu herriko ibai ondoko hainbat barandatan, plastikoak ibaira erortzea saihesteko asmoz. Miguel Angel Bastida Hirigintza zinegotziak lanen inguruko azalpenak eman ditu, eta hark jakinarazi duenez, herriko honako gune hauetan jarri dute burdin sarea: San Martin kaleko zubiaren bi aldeetan, Ikurrinaren plazaren ondoko pasealekuan, Ibai Ondo kalean, kale horren eta Iturri jatetxearen arteko zubian, Trino Uria kalearen atzealdean eta Ugarte kalean, Izkiturri elkartearen ondoko plaza txikian. Guztira, 172 metrotan jarri dituzte saretak, eta 3.672 euroko aurrekontua izan dute lanek.
Bastidak adierazi duenez, ibaian pilatzen diren plastikoen arazoari irtenbidea eman nahi diote sareta jarrita. Izan ere, zinegotziak esan du baranda azpitik plastiko ugari erortzen dela ibaira, eta batez ere, egunerokoan erabiltzen diren tamaina txikiko objektuak izaten direla, hala nola gozoki zorroak eta tabako paketeen bilgarriak. Horren aurrean, Gorka Alberdi ekologista azkoitiarrak proposatu zion udalari barandetan burdin sarea jartzea, eta ideia aztertu ondoren erabaki du erakundeak neurri hori hartzea. Bastidaren arabera, "neurria sinplea" da, baina eraginkorra izatea espero du.
Langileek aste honetan amaituko dituzte lanak, eta oraingoz, "arazo gehien" sortzen diren guneetan jarri dute sarea. "Alberdik berak esandako guneetan dira jarri dugu sareta. Izan ere, Ugarte kalean zein Ikurrinaren plazaren ondoko pasealekuan jende asko ibiltzen da, eta Ibaiondo eta Trino Uria kaleen atzealdeko ibai zatian, berriz, zurrunbiloak sortzen dira. Horrenbestez, zakar asko bilatzen da leku horietan". Zinegotziak adierazi duenez, jarri dituzten sareek izaten duten emaitzen arabera, herriko baranda gehiagotan ere jarriko dituzte.
Bestalde, Azkoitiko Udalak eta Uraren Euskal Agentziak (URA) hitzarmena sinatu zuten joan zen azaroan, eta akordio horri esker, udalak ere herriko ibaien mantenuan esku-hartzea egin ahal izango du aurrerantzean. Hain zuzen ere, bi erakundeek urtean zehar hainbat ekintza egingo dutela aurreratu du Bastidak, eta besteak beste, ibaiak garbitzea aurreikusten dute. Dena den, herritarrei ere dei egin die ibaiak garbi egoteko kontzientzia izan dezaten.