Azken ikasturteetan mobilizazio ugari egin dituzue itunpeko ikastetxeetan, Kristau Eskoletako langileek hamar urte daramatzatelako hitzarmena berritu gabe. Egun, zertan da lan gatazka hori?
2017an, negoziazio mahaitik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekin beste biderik ez zuen eduki ELAk. Ordutik planteatu ditugun mobilizazioak neurtuak izan dira, eta akordioak ahalbidetzeko beta eman diogu patronalari, baina hark ez du erantzun seriorik eman. Urtarrilean, zortzi greba egun izan genituen, baina patronalak, akordioak erdiesteko proposamenak egin ordez, sindikatuon artean frikzioak sortzea nahiago izan zuen. Patronalaren ardugabekeriari, gainera, Eusko Jaurlaritzaren inplikazio falta gehitu behar zaio. Jaurlaritzak, hezkuntza sistemaren arduradun nagusia den heinean, erantzukizuna dauka ikastetxe horietako langileen lan baldintzen eta hango zerbitzuen gainean. Greba egunetan gutxieneko zerbitzuak gehitzera mugatu da jaurlaritza, eta sindikatuoi egotzi digu greben atzean ezkutuko interesak ditugula. Oso larria da hori guztia. Ondorioz, ikasturtea amaitu artean beste hamar greba egun deitu beste aukerarik ez dugu izan.
Gurasoek nola bizi dute egoera?
Familien kezka ulertzen dugu, noski. Gure eskaerek erantzuna izango balute, ordea, haien seme-alabek jasotzen duten hezkuntza kalitatea hobetuko litzateke. Patronalek eta Eusko Jaurlaritzak dituzten ardurak beraien gain hartu behar dituzte, eta langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak eman behar dizkiete gatazkari irtenbide egokia emateko.
Zein dira sektore horretako langileen eskaerak?
Langileen eskaerak oinarrizkoak eta zilegiak dira. Datozen urteetan, jaiotza tasaren beherakadak matrikulazio jaitsiera ekarriko duela aurreikusten dugu, eta horrek gelak ixtea eta lanpostuak galtzea eragingo luke. Hori hala, jubilatzeko adinean egon daitezkeen langileei erretiro aurreratua ahalbideratzea eta langileak birkokatzeko akordio bat egitea eskatzen dugu sindikatuok. Era berean, lan karga izugarri handitu zaie irakasleei, eta hori arintzea eskatzen dugu.
Gainera, bereziki Hezkuntza Laguntza Espezialistek eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileek baldintza prekarioak dituzte. Hamar urtetan asko ugaritu dira langile horiek; bereziki feminizatutako sektoreak dira biak eta lan baldintza kaskarrenak dituzte. Horren atzean genero irakurketa kezkagarria dago, emakume horien lana zaintza lan soiltzat hartzen dutelako, izaera hezitzailea aitortu gabe.
Langileek, bestalde, salatu dute erosahalmena galdu dutela.
Hala da. 2009tik soldatak izoztuta dituzte, eta ordutik %13 galdu dute erosteko ahalmena. Langileek urte hauetan guztietan ikusi dute ikastetxeetan berriztatze lanak edota teknologia berriak abian jartzeko zein leihakortasuna hobetzeko inbertsioak egin direla, baina bien bitartean, langileen lan baldintzak, lan kargak eta soldatak gero eta kaskarragoak dira.
Azken urteetan eredu pribatuaren alde egin al du gizarteak?
Ikasleen banaketa nahiko antzekoa izan da betidanik EAEko sare publikoan eta itunpeko sarean. Azken urteetako matrikulazio datuei erreparatuz gero, gainera, ikusiko dugu eskola publikoan kopurua hazi egin dela. Beraz, ez dugu uste EAEn gizarteak eredu pribatuaren alde egin duenik; izatekotan, joera alderantzizkoa izan da.
Zer ereduren aldeko apustua egiten du ELAk?
Hezkuntza publikoa ardatz hartuta, Europako batez besteko hezkuntza inbertsioa bermatuko duena eta ezinbesteko lanpostu egonkorrak bermatu eta baliabideak handituko dituena; ikasle guztien garapena bermatuko duen heziketa inklusiboa, konpentsatzailea, integratzailea eta hezikidetzailea nahi dugu, aukera berdintasuna, ekitatea eta kalitatea oinarri hartuta. Era berean, Euskal Herriarentzat curriculum propioa garatuko duen eta atzerriko hizkuntzetan trebatutako ikasle euskaldun elebidunak sortuko dituen eredua eskatzen dugu.
Eskola segregazioaren inguruan, ikasleak ikastetxeetan modu orekatuan banatzeko beharra azpimarratu izan duzue.
Egun, jatorri eta egoera sozioekonomikoaren eta behar bereziak dituzten ikasleen banaketa nabarmen desorekatua da ikastetxe publikoen eta pribatuen artean: publikoan, oinarrizko hezkuntzako ikasleen %9,1ek du jatorri atzerritarra; Kristau Eskoletan, %5,8ek du jatorri hori, eta Ikastolen Elkartearen sarean %2,4. Egoera sozioekonomiko eta kulturalei dagokienez, maila baxuagoa duten familia gehiago matrikulatzen dira ikastetxe publikoetan. Banaketa orekatu baten alde egin beharko litzateke, azterketek agerian uzten baitute egokiagoak direla inklusiboagoak diren hezkuntza sistemak. Zentzu horretan, sentipena dugu jaurlaritzak ez duela nahi gai honi seriotasunez heltzerik. Eztabaida bera saihestu nahi du, gainera. Izan ere, Herri Ekimen Legegilea ez du tramitera onartu ere egin.
LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek hezkuntza publikoari dagokion akordioa sinatu zuten iaz jaurlaritzarekin. Akordio hartan jasotzen zen, besteak beste, ordezkapenak etapa guztietan lehen egunetik betetzea, baina salatu duzue ikasturtea hasi denetik Hezkuntza Sailak ez duela hori bete. Zer gertatu da?
Horixe izan zen akordioak jasotzen zuen eduki positibo bakarrenetakoa, baina argi geratu da jaurlaritzak ez duela inolako aurreikuspenik egin neurri hori bete ahal izateko. Langileen %40 behin-behinekotasunean egotea kudeaketa txar baten ondorio da, eta uste dugu egiturazko arazo horri egiturazko irtenbide bat eman behar zaiola. Gure iritziz, jaurlaritzak erabakita dauka irizpide neoliberalak jarraitzea hezkuntza kudeatzeko orduan.
Iaz, jaurlaritzak eta sindikatuek egindako akordiotik kanpo geratu zen ELA. Zertan da gehiengo sindikala osatzen duzuenon arteko harremana?
Akordioak ez zien erantzuten hezkuntza publikoak dituen arazo nagusiei, eta uste genuen ezinezkoa izango zela mobilizaziorik gabe lortzea mobilizazio bidez lortu ez zen hori. Tamalez, aurten zerbait ikusten ari bagara, arrazoirik ez zitzaigula falta izan da. Lotu zituzten edukietako bakar bat ere ez du bete jaurlaritzak, eta garatzekoak ziren beste hainbatek erantzunik gabe jarraitzen dute. Akordioan lotu gabe utzi zituzten eskaerak aldarrikatzen jarraitu du ELAk hainbat mahaitan, eta langileak antolatzera eta mobilizatzera bultzatzen jarraitzen du. Bide horretan, beti gonbidatu ditugu sindikatuak elkarlanera, baina ez dirudi haiek horretarako asmorik dutenik.