Formatu berriarekin baina helburu berarekin egingo dute bihar Azkoitiko Herrixen merkatari elkarteko saltokiek urtero egiten duten deskontuen azoka. Izan ere, Outlet Azoka ordezkatuko duen Beherapen Azoka egingo dute egun osoan zehar, eta Elkarguneko areto nagusitik Balda Plazara lekualdatuko dute ekimena.
Bederatzi urtez egin dute Outlet Azoka Azkoitian, eta Sara Rodriguez Herrixeneko teknikariaren esanetan, ekimen horrek "berritzea" behar zuen. "Ikusten genuen dagoeneko azoka hori ez zela berrikuntza bat herrian, eta herritarrak ere ez zituela lehen bezala erakartzen". Teknikariaren arabera, dendariak iaz hasi ziren azoka kalera ateratzeko aukerak aztertzen, eta horregatik, aurten lehen aldiz, Balda Plazan egingo dute azoka. Izan ere, Rodriguezek nabarmendu du elkartearen helburuetako bat dela kaleak dinamizatzea: "Badakigu garai honetan eguraldia oztopo izan daitekeela, baina dendariek ez zuten nahi asko itxaroterik neguko eskaintzak saltzeko. Eguraldi txarra eginez gero, astebete atzeratuko dugu azoka, baina badirudi bihar eguraldia gure alde izango dugula".
Hamabi dendek jarriko dituzte postuak Beherapen Azokan: Noah, Trukebai, Pitxin, Munibe, Maina, Yoko Kirolak, Lirain, Izpi, Arantxa, Aingeru, Aitzaki eta Arrospide. 10:00etan irekiko dituzte postuak, eta egun osoan izango dituzte zabalik. Horrez gain, txistulariak ibiliko dira kalez kale, eta Zakelmariek gozokiak banatuko dizkiete umeei.
Denden postuak ez ezik, agertoki bat jarriko dute Balda Plazan, eta arratsaldean umeentzako zenbait ekintza egingo dituzte han: 16:30ean, Potxin eta Patxin pailazoek ikuskizuna eskainiko diete haurrei, eta 18:00etan zumba saioa izango da. Sei monitorek masterclass bat eskainiko diete Azkoitiko zumba ikasleei zein gainerako herritarrei.