Azkoitiko ikastetxeetan hasi dira jada Eskolako Agenda 21eko aurtengo gaia lantzen. Aurten, hamaseigarren aldiz jarri dute martxan Eskolako Agenda 21 programa, Azkoitiko Udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean. Azken urteotan gai ugari landu dituzte, jasangarritasunaren ikuspegitik: hondakinak, ura, mugikortasuna, kontsumoa, energia, elikadura, aztarna ekologikoa, klima aldaketa… Aurten, honakoa izango da jorratuko duten arloa: ekoizpen eta kontsumo jasangarria.
Orain arte, Floreaga eta Azkoitia BHIko DBHko taldeek parte hartu dute programan, baina aurten, Azkoitia BHIko batxilergoko taldea eta Izarraitz Lanbide Heziketakoak ere batu dira programara. Guztira, 1.300 ikasle inguru dira gai hori jorratzen hasi direnak.
Lanketa, hiruhilekoka
Ikasturtearen lehen hiruhilekoan, ikasleek gaia ezagutu eta sentsibilizazio jarduerak egin dituzte. Ondoren, bakoitzak bere ikastetxeko diagnostikoa egin du, hau da, eskolan gaia nola jorratzen den aztertu dute. "Gure eskolak kontsumitzen dituen produktuak jasangarriak al dira?", galderari erantzuten saiatu dira.
Bigarren hiruhilekoan, herria aztertuko dute. Zikloka banatuta, herritarrek dituzten ohiturak eta erosketa irizpideak ezagutuko dituzte: zer jaten duten, nola janzten diren, zer teknologia erabiltzen duten... Sasoi honetan, LH5 eta LH6 mailetako ikasleak kalean inkestak egiten ari dira, herriko merkatarien iritziak eta jokabideak jasotzeko. Lanbide Heziketakoek berriz, herriko hainbat enpresatara joko dute, ekoizpen jasangarria beraiek duten lan egiteko moduan barneratuta ote dagoen jakiteko. Lantegiak bisitatzeko aukera ere izango dute.
Azken hiruhilekoan berriz, maila desberdinetan egindako lana bateratuko dute, eta ikastetxe ezberdinetako ikasle ordezkariak foro batean elkartuko dira. Foro horretan, gaia hobetzeko hartutako konpromisoak eta udalari egin beharreko proposamenak adostuko dituzte. Orduan ezagutu ahal izango dira aurtengo lanaren emaitzak eta udalak ikasleen proposamenei emango dien erantzuna.