Azkoitiko San Jose adinekoen egoitzaren kokapenaz gizartea kontzientzia dadin, Egoitza Kalera taldea sortu dute Azkoitian. Adineko pertsonak herrian integratzea eta haiek "isolatuta" ez daitezen bizi galdegin du taldeak, eta Azkoitiko Udalari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaerak aurkeztuko dizkiete adinekoen egoitza kalera gertura dezaten.
Santa Kutz auzoan dago San Jose egoitza, herrigunetik kanpo dagoen muino batean. Taldearen ustez, egoitzak duen kokapena ez da "egokia", ez hango egoiliarrentzat, ezta horiek bisitatzera joaten direnentzat ere. "Hara gora igotzen zarenean, lehenengo inpresioa ona da: zelaitxo berde politak dauzka eta leku lasaia da. Hori da kanpoko lehenengo argazkia, baina barruko giroa, zer? Nolako bizitza dute bertan daudenek? Hori da kezkatzen gaituena", adierazi dute. Taldearen esanetan, hango egoiliarrak lau pareten barruan "kondenatuta" bizi dira, herrian "integratuta" bizitzeko eta herriarekin zein herrikideekin "harreman egokiak" edukitzeko oztopoak dituztelako. Hain zuzen ere, San Joseko egoiliarrak "ghetto" batean bizi direla kritikatu du Egoitza Kalera taldeak: "Batzuek, bertara sartu zirenetik, urteak daramatzate herria ikusi ere egin gabe. Gogo biziz daude herriko kontuak jakiteko".
"Urruti" egoteaz gain, taldeak gogoratu du "aldapa ederra" dagoela hara iristeko, eta beraz, egoitzak irisgarritasun arazoak ere badituela gaitzetsi du. Horien arabera, gurpil-aulkietan daudenek ezin dute malda igo eta jaitsi, eta etxearen parean dagoen korredorea da horiek beren kabuz mugi daitezkeen "leku bakarra". "Laguntzarik ez badute, ezin dira metro batzuk ere urrundu".
Proposamena: Santa Klara komentua
Urbanue herri barruko autobus zerbitzua, bestalde, astean sei egunetan igarotzen da handik –igandeetan ez du zerbitzurik–, baina egoiliar askok autobus hori erabiltzeko "zailtasunak" dituztela azpimarratu dute: "Asko jota, bi gurpil-aulki sartzen dira Urbanuen. Gainera, egoiliarrek zein bisitariek, eguraldi ona edo txarra egin, ordutegiaren menpe egon behar izaten dute, eta horrek guztiak jendea atzera botatzen du".
Horrez gain, egungo egoitza "zaharkituta" dagoela eta, hura berritzeko "premia galanta" dagoela gaineratu dute, hormei, itoginei, komunei, egongela orokorrari eta ariketa fisikoa egiteko lekuari zein hango tresnei dagokienez.
Taldea jakitun da eraikin berri bat egiteak "gastu handia" izango lukeela, baina azpimarratu du zerbitzu publiko guztiek herritarren bizi kalitatea hobetu behar dutela. Hori hala izanik, hainbat proposamen helaraziko dizkie erakundeei; horien artean, Santa Klaran hutsik dagoen komentua "primerako lekua" izango litzatekeela uste dute egoitza hara lekualdatzeko. "Herri erdi-erdian egon ez arrean, leku laua da eta inguru zoragarria du. Bertan, barruan mugitzeko nahiz edozein unetan kalera irteteko aukera izango lukete egoiliarrek. Bisiten sartu-irtenak ere asko erraztuko lirateke, batik bat adineko jendeak bere ezagunak ikusteko eta harremanak mantentzeko. Gurpil-aulkiarekin ere kalean zehar ibiltzeko aukera ematen du leku horrek". Horrez gain, erabilerarik ez duten beste eraikin batzuk ere badaudela herrian gogoratu dute, eta horiek esku pribatuetan egonez gero, jabeekin "tratuak" egin daitezkeela esan dute. Bestalde, Intsausti jauregiaren eta Lidl supermerkatuaren artean "lur zati ederrak" daudela aipatu dute.
Sinadura bilketa
Egoitza herrigunera gerturatzea eskatzeko, sinadura bilketa hasiko du Egoitza Kalera taldeak. Kontzejupean eta eliz atarian jarriko dute sinadurak biltzeko mahaia, larunbatetan eta astelehenetan. Datorren larunbatean, otsailak 23, jarriko dute mahaia aurrenekoz. 16 urtetik gorako pertsona guztiek izango dute sinatzeko aukera.