Azkoitiko Udalak Xabier Munibe kaleko bidegorrian eta azpiegituretan lanak egingo ditu datozen hilabeteetan, eta obra horien ondorioz, tarte horretan kalea itxita egongo da eta ibilgailuen zirkulazioan aldaketak izango dira. Izan ere, bidegorria lekuz aldatuko dute, txirrindulariak Elkarguneko tuneletik igaro ez daitezen. Hain zuzen ere, Gaztanenea parkearen ondoko espaloiaren paraleloan egingo dute bidegorri berria, Elkarguneko tuneletik Parrokiaren aurreko bidegurutzerainoko zatian. Lanen bidez, oinezkoek "lehentasuna" izango duten gunea ere egokituko du udalak, kiroldegian, Gaztanenea parkean zein herrigunean dagoen "mugimendua" bateratuz. Horrez gain, errepidearen eta espaloiaren arteko kotak berdintuko dituzte Xabier Munibe kalean, hango irisgarritasuna hobetzeko asmoz.
Datorren astelehenean hasiko dira obrak, eta lanek irauten duten bitartean, kiroldegi aurreko biribilgunetik, hau da, Gamundi etxearen paretik, Elkarguneko tunelerainoko zatia itxi egingo dute ibilgailuentzat. Udalak adierazi duenez, hasiera batean lau hilabete iraungo dute lanek. Dena den, udalak uste du lehenago amaituko dituztela obrak, eta "ahalik eta normaltasun handiena" mantentzen saiatuko direla agindu dute. Izan ere, lanek aldaketa nabarmena eragingo dute herriguneko zirkulazioan. Esate baterako, kiroldegiaren aurreko biribilgunean, ibilgailuak San Martin auzora, Beidazar kalera, bideratuko dituzte. Horretarako, kalea norabidez aldatuko dute, beraz. Handik, Trenbidearen Zumardira jarraituko dute ibilgailuek, eta Ertzainetxe ondoko biribilgunetik Trenbidearen Zumardira jaisteko errepide zatia noranzko bakarrekoa izango da.
Ez da norabidez aldatuko duten bakarra izango Beidazar kalea; izan ere, astelehenetik aurrera, orain arteko norabidearen aurka joango dira ibilgailuak Guardia kalean ere. Hau da, Guardia kaletik Ibai Ondora joan beharrean, Ibai Ondotik Guardia kalera sartuko dira, eta handik Aizkibel liburutegiraino iritsi ahal izango dute, orain arte ez bezala.
Autobus geltoki aldaketa
Hori hala izanik, San Martin auzorako sarrera-irteerek ere izango dute aldaketarik. Izan ere, Beidazar kaletik edo beilatokiaren aurreko biribilgunetik iritsi ahal izango dute ibilgailuek auzora; handik irteteko, berriz, Trenbidearen Zumardira edo beilatokiko biribilgunera jo beharko dute.
Halaber, zirkulazio aldaketen eraginez, Xabier Munibe kaleko autobus geltokiak leku berria hartuko du, eta liburutegi ondoan egin beharrean, Trenbidearen Zumardian dagoen Geltoki tabernaren aurreko bidegurutzean geldituko da autobusa. Horren ordez, egungo autobus geltokia autoak aparkatzeko erabili ahal izango dute herritarrek. Horrez gain, Urbanue herri barruko autobus zerbitzuan ere lanek izango dute eraginik; izan ere, autobusa ez da igaroko Beidazar kaletik lehen eta hirugarren ibilbideetan.
Udalak azpimarratu du obrak bukatu ahal izateko "derrigorrezkoa" izango dela zirkulazioan aldaketak egitea. Hori hala izanik, "pazientzia" eskatu die herritarrei, eta aurrez eskerrak eman dizkie haiei, "egoera ulertuko dutelakoan".