Kataluniako auziko epaiketaren aurka, elkarretaratzea egingo dute Azkoitian

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 6a

Otsailaren 12an hasiko da Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa, eta egun horretan egingo dute elkarretaratzea Azkoitiko plazan. Gure Esku Dagok deitu du elkarretaratzea, eta dei egin die herritarrei protestara batu daitezen.

Datorren asteartean, hilaren 12an, hasiko da Kataluniako prozesu subiranistan jokatutako rolagatik auzipetuta dauden buruzagi independentisten aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean, eta egun horretarako elkarretaratzea deitu du Azkoitiko Gure Esku Dagok. 19:00etan, Azkoitiko plazan elkartuko dira epaiketa salatzeko, eta Gure Esku Dagok herritar guztiei dei egin die bertaratu daitezen.

Azkoitian ez ezik, Europako eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere egingo dituzte mobilizazioak egun horretan, ANC Biltzar Nazional Katalanak jakinarazi duenez. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide