Hamar urtetarako hitzarmena sinatu dute Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 5a

Olatz Peon eta Javier Zubizarreta, gaur, hitzarmena berritu ostean. (Azkoitiko Udala)

Datozen hamar urteetan ere Gipuzkoako Ur Kontsortzioa arduratuko da Azkoitiko uraren kudeaketa integralaz, hango udalak eta kontsortzioak hitzarmena berritu baitute hamarkada baterako. Azkenekoz, 2008ko urrian adostu zuten hitzarmena bi aldeek, eta hura amaitzearekin bat sinatu dute akordio berria gaur Javier Zubizarreta alkateak eta Olatz Peon Ur Kontsortzioaren presidenteak.

Kontratua indarrean dagoen bitartean, Ur Kontsortzioak 1.281.980 euro inbertituko ditu Azkoitiko azpiegiturak hobetzeko. Besteak beste, Santa Klara auzoan jarriko dituzten hodi biltzaileak finantzatuko ditu, eta Txalon Errekan eta Altamiran beste hainbat esku-hartze egingo dute. Horrez gain, uraren tarifetan eragingo du hitzarmena berritzeak; udalak adierazi duenez, 2008an hitzarmena sinatu zenean, udalaren eta kontsortzioaren arteko tarifen artean "alde nabarmena" zegoen, eta desberditasun hori "gutxinaka eta modu progresiboan" parekatzeko konpromisoa hartu zuen udalak. Orain, berriz, bi erakunderen tarifak parekatu egingo dituzte.

Bestalde, udalak azpimarratu du kontsortzioaren eskutik 738.000 euro jasoko dituela eta horrek eragina izango duela aurrekontuetan. "Gipuzkoako Urakek kontsumoen eta inbertsioen aurreikuspena egiten du kalkulu batzuen arabera, eta udalari kantitate hori ematea dagokio", azaldu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide