Herritarren bizipenek tarte berezia izango dute Azkoitiko Mendi Astean

Ane Olaizola 2019ko otsailaren 5a

Gaur hasiko da Anaitasuna mendi bazkunak urtero antolatzen duen egitasmoa. Mendizaletasuna oinarri hartuta, bi hitzaldi eta film emanaldi bat eskainiko dituzte.

Pyrenees Stage Run lasterketa izango dute hizpide Oñederrak eta Alesonek ostiralean. (Pyrenaica blog)

Azkoitiko Anaitasuna mendi bazkunaren eskutik, Mendi Astea hasiko da gaur, eta ostiralera bitartean hainbat mendizalek egindako espedizioak eta zeharkaldiak erakutsiko dituzte Elkargunean, Baztartxon zein Kultur Etxean eskainiko dituzten saioetan. Aurten, hiru emanaldik osatuko dute Azkoitiko Mendi Astea; bi hitzaldik eta ikus-entzunezko saio batek. Guztiak doan izango dira.

Atzerrikoek ez ezik, aurtengo Mendi Astean azkoitiar mendizaleek ere izango dute beraien protagonismoa. Hain zuzen ere, Iñaki Arakistain eta Joseba Larrañaga azkoitiarrek zabalduko dute egitasmoa, eta Bizipenak hitzaldia eskainiko dute gaur, Elkargunean. Himalaian 6.801 metrotara dagoen Drangnag-Ri mendia (Nepal) igo zuten bi azkoitiarrek joan zen urtean, Mikel Zabalzarekin eta Alberto Fernanekin batera. Gainera, mendi horren hego-mendebaldean ibilbide berri bat ireki zuten mendizaleek, eta Bizipenak izena jarri zioten bideari. Ibilbide eta espedizio hartako oroitzapenak izango dituzte hizpide gaurkoan.

Bestalde, Bilbao Mendi Film Festival jaialdiaren azken edizioan Epaimahaiaren saria eskuratu ondoren, Azkoitira iritsiko da The down wall filma. 2015eko urtarrilean, Tommy Caldwell eta Kevin Jorgeson eskalatzaileek sokarik gabe igo zuten AEBetako Yosemite natur parkean dagoen El Capitan mendiaren Dawn Wall horma. Nazioartean ikusmina sortu zuen eskalatzaileen lorpenak, eta 100 minutu irauten duen dokumentalak orduko abentura hura zein protagonisten istorioak ditu ardatz. Bihar eskainiko dute Baztartxo antzokian.

Hasiera ez ezik, azkoitiarrek emango diote amaiera ere Mendi Asteari. Izan ere, ostiralean, Lasterketa bat familia giroan hitzaldia eskainiko dute Imanol Aleson, Ixaka Oñederra eta Ainhoa Lendinez mendiko korrikalariek. Iazko Pyrenees Stage Run lasterketan bigarren egin zuten azkoitiarrek, eta Lendinezek irabazi egin zuen; zazpi etapetan 240 kilometro egin zituzten. Proba hori izango dute hizpide.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide