Euskal Herriko Mugimendu Feminista dagoeneko hasi da Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazioak prestatzen, eta horretarako bilera deitu du Sostenipe Azkoitiko asanblada feministak otsailaren 8rako. Iaz, milaka emakumek egin zuten planto Martxoaren 8an, emakumeen eskubideak lau haizetara aldarrikatzeko. Aurten, urrats bat gehiago egin eta greba egingo dute Martxoaren 8an, Heteropatriarkatu kapitalistari planto. Bizitzak erdigunean! lelopean. Urola Kostako herrietan zein Euskal Herriko hainbat lekutan tokian tokiko asanblada feministak ari dira Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazioak prestatzen. Sostenipek otsailaren 8an egingo du grebaren plangintza egiteko lehen asanblada. Azkoitiko Elkarguneko Altzibar gelan egingo dute batzarra, 19:00etan hasita. Sostenipeko kideek dei egin die herriko emakume guztiei bilkurara bertaratu daitezen.
Azpeitiko Basanderiek talde feministak, aldiz, otsailaren 6an, asteazkenez, egingo du Martxoaren 8a antolatzeko batzar irekia. Baigerako aretoan izango da bilkura, 19:00etan hasita.