Martxan da Azkoitiko Korrika Batzordeak antolatutako Koreografia Lehiaketa

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 1a

Koreografia Lehiaketara aurkezten diren lagunek Korrikaren abesti bat aukeratu eta dantza sortu beharko dute. Ondoren,bideoz grabatu beharko dute sortutako koreografia. Lehiaketara aurkeztutako bideo guztiak martxoaren 25ean jarriko dituzte ikusgai Interneten.

2019ko Korrika iragartzen duen 'Klika' abestiaren bideoklipeko irudia.

Abian da Azkoitiko AEK euskaltegiak eta Korrika Batzordeak antolatutako Koreografia Lehiaketa. Gaur, otsailak 1, zabaldu dute euskara eta dantza uztartzen dituen sariketan parte hartzeko epea. Izen-ematea otsailaren 15ean itxiko da. Koreografia Lehiaketara aurkezten diren lagunek Korrika egitasmoa iragartzeko abesti batekin egindako koreografia grabatu beharko dute bideoz. Edonork har dezake parte lehiaketan ez baitago adin tarterik zehaztuta. Adin txikikoen kasuan, partehartzaileek izen-emate orriaz gain gurasoen baimena dutela erakusten duen agiria aurkeztu beharko dute.  Gurasoen baimen-agiria eskuragarri egongo da izena emateko lekuetan. Honako leku hauetan egin daiteke izen-ematea: AEKren bulegoan, azkoitia@aek.eus helbidera mezu bat bidalita edo 607-61 26 97 telefonoan, Floreaga Salestar ikastetxean, Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan, Azkoitia BHIn, Gazte Zerbitzu Bulegoan, Alai Batzan eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroan.

Honako hauek dira Korrikako abestien Koreografia Lehiaketaren oinarriak:

1.- Koreografia librea izango da, baina abestiak aurreko edizioetatik 21. Korrikara artekoa izan beharko du.

2.- Koreografiak bideoan grabatu behar dira, eta MP4 formatuan bidali. Horretarako azken eguna martxoaren 22a izango da. Honako helbide honetara bidali behar dira bideoak: azkoitia@aek.eus . Martxoaren 25ean ikusgai jarriko dira Azkoitiko AEKren Facebookeko orrian. 

3- Koreografia Lehiaketaren epaimahaia Azkoitiko Korrika Batzordeko kideek osatuko dute. Epaimahaikideek martxoaren 27an sariketara aurkeztutako bost bideo nabarmenduko dituzte. Horiek aukeratzean kontuan izango dituzte bideoen originaltasuna eta parte-hartzaileen karakterizazioa, arropa eta attrezzoa, kasu. Bost bideo horiek jendaurrean eskainiko dituzte martxoaren 29an. Elkargunean izango da emanaldia, eta bertaratzen diren herritarrek aukeratuko dute finalera sailkatutako bost bideoetatik sariduna zein izango den. 

4- Saridunek herriko dendetan erabiltzeko diru-saria jasoko dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide