Hauskortasun egoeran dauden adinekoen egoera aztertzeko, ikerketa egingo dute Azkoitian. 65 urtetik gorako herritarren egoera zein den jakin nahi dute, haien egoera hobetzeko helburuarekin. Guztira, 2.205 65 urtetik gorako herritar daude Azkoitian; horietatik 958 gizonak dira, eta 1.247 emakumeak. "Bakardadea da XXI. mendeko gaixotasuna, eta horri irtenbidea ematea nahi dugu, inor ez dadin bakarrik sentitu", azaldu du Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak. Ikerketa hori Hurkoa fundazioak eta Azkoitiko Udalak sustatu dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri fundazioak lagundu du diruz. Ikei kontsultorako kideek egingo dute azterketa.
Bakarne Etxeberria Hurkoa fundazioko hauskortasun programaren arduradunak azaldu duenez, ikerketaren bidez, Gipuzkoako adineko pertsonen hauskortasun egoera zer-nolakoa den aztertu nahi dute. Horretarako, lurraldeko hiru udalerritan egingo dute azterketa: Arrasaten, Pasaian eta Azkoitian. Analisi horietatik atertatzen dituzten ondorioak Gipuzkoako adinekoen egoeraren isla gisa baliatuko dituzte.
Hauskortasun egoeran hainbat arrazoirengatik egon daitezke adinekoak, baina ikerketa honetan, 65 urtetik gora dituzten eta bakarrik nahiz beste pertsona batekin bizi diren herritarretan jarri du begirada Hurkoak. "Pertsona horien egoeraren argazki bat osatu nahi dugu; batetik, kopuruak jakin nahi ditugu, eta bestetik, egoeraren ezaugarriak", adierazi du Etxeberriak. Pertsona horien egoeraren hainbat alderdi aztertuko dituzte: osasuna, mendekotasun maila, harremanak, eguneroko ekintzak egiteko dituzten zailtasunak, erabakiak hartzeko duten gaitasuna, komunitatean parte hartzen ote duten, arazo ekonomikorik ba ote duten, familiakoen laguntzarik ba ote duten... "Hauskortasun horrek adinekoen bizi kalitatean eragiten duenez, gure nahia da haien egoera nolakoa den jaso eta adinekoen bizi kalitatean eragin positibo bat izatea".
200 inkesta
Ikei aholkularitza enpresak egingo du azterketa. Guztira, 200 inkesta egingo dituzte; 150 bakarrik bizi diren herritarrei zuzenduak, eta beste 50 bikotean bizi direnei. Telefonoz eta etxeetara bisitak eginez egingo dituzte galdeketak. Galdetegia hainbat arlotan banatutako 40 galderaz osatuta dago, eta adinekoek erraz ulertzeko moduko hiztegia baliatu dute. Lehenik, udal erroldarekin inkestarako lagina osatuko dute, eta lagina osatzean, gutunak bidaliko dituzte herriko etxeetara, ikerketaren berri emateko eta herritarrak prozesuan parte hartzera gonbidatzeko. Datorren astean egingo dute hori, eta otsaileko azken bi asteak inkestak egiteko baliatuko dituzte. Maria Lopez Ikeiko kideak azaldu duenez, "emaitza interesgarriak eta baliagarriak" ekarriko ditu analisiak. Ildo beretik hitz egin du Laura Gallo Ikeiko kideak ere: "Halako ikerketa gehiago egin ditugu, eta informazio pila bat lortu ohi dugu, udalei nahiz Hurkoa fundazioari gizarte zerbitzuak hobetzeko lagungarri zaiena".
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri fundazioak 2018an egindako dirulaguntzen deialdian onuradun izan den proiektuetako bat da Hurkoaren ikerketa. Guztira, 54 proiektu aurkeztu ziren deialdira, eta hamabost izan dira onuradun; orotara, milioi bat euro bideratu dute dirulaguntzetara. Fundazio horretako zuzendari Rakel San Sebastianek azaldu duenez, "zahartzaro osasuntsu batera bidean" lan egitea da fundazioaren asmoa, eta ideia horrekin bat egiten du proiektuak.
Urtebete pasatxo da Hurkoa fundazioak Azkoitian bulegoa ireki zuela –2017ko urriaren 17an zabaldu zuen–, eta Azkoitiko alkatearen arabera,"oso aberasgarria" ari da izaten Hurkoa fundazioarekin egiten ari diren lana, herritarrei laguntzeko bidean. Bide horretan, "beste pauso bat" izango da gaur aurkeztu duten azterketa.