Azkoitiko Udalbatzak hileroko udalbatzarra egin zuen atzo, asteazkena, arratsaldean, eta EH Bildu koalizioak Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiari eta Ainhoa Intxaurrandieta GHKren presidente ohiari "babes pertsonala eta solidarioa" agertzeko mozioa aurkeztu zuen. Izan ere, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) 2017an erabaki zuen Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara eramatea, Zubietan errauste planta eraikitzeko aurreko agintalditik martxan zen kontratua gelditzeagatik, eta orduz geroztik auzibidean jarraitzen du aferak. Gipuzkoako beste hainbat herritan onartu duten adierazpen bera zen atzo EH Bilduk udalbatzara eraman zuena, eta koalizioak udalaren "babes zabala" lortzea espero bazuen ere, mozioa ez zen aurrera atera; EAJko eta PSE-EEko zinegotziek aurka bozkatu zuten, eta Azkoitia Bai abstenitu egin zen.
Mozioan jasota dagoenez, "gai pertsonal gisa" ez diote inori opa "sufrimendua eta mina" eragiten duten egoerei aurre egin behar izatea. "Horregatik, funtsezkoa da justizia demokratikoa eta herritar guztien eskubideak bermatzen dituena exijitzea, baita ebazpen justuak bermatuko dituena ere". Era berean, ordezkari publikoek interes orokorraren eta elkarbizitza sozialaren eta politikoaren alde "arduraz" jokatu behar dutela irakur daiteke idatzian. "Interes pertsonalaren eta politikoaren arteko bereizketari buruz esandakoari jarraituz, aurretik aipatutakoaren irakurketa oro ez da tresna politiko gisa erabili behar".
EAJk mozioaren aurka egin zuen, besteak beste, testuan eskatzen zen babesa "pertsonala" zelako. Nekane Larrañaga zinegotziak azaldu zuenez, "asko" dira arduradun politikoak inplikatuta dauden epaiketak, eta horiek "berme juridiko guztiekin" garatu behar direla gaineratu zuen. "Errugabetasun printzipioari jarraituz, erakundeen ekintza politikoan parte hartu dutenak ardura ekonomikoz kaltetzerik ez dugu nahi. Asko izan direlako eta oraindik badaudelako, eta aurrerantzean gehiago ez izateko esperantzan, ez gara kasu honetara bakarrik mugatuko". Hala arrazoitu zuen zinegotziak bere taldearen aurkako botoa.
Azkoitia Bairen bozeramaile Jose Joakin Etxanizek, bere aldetik, "erabaki politiko bat hartzeagatik" halako zigorrak ezartzea gaitzetsi zuen. "Garbi dugu pertsona horiei gehiegizko mina egiten aritu direla", esan zuen. Dena den, testuak "kontraesanak" dituela uste du zinegotziak, eta horregatik jo zuen abstentziora: "Testuan erantzun pertsonala eskatzen da, baina gu talde baten ordezkariak gara. Beraz, hemen egiten ditugun adierazpenak talde horrenak dira, eta ez taldea ordezkatzen dugun norbanako bakoitzarenak".
EH Bildu koalizioa Gipuzkoako Foru Aldundiko agintean zela, GHK-k bertan behera utzi zuen Zubietan errauste planta eraikitzeko aurreko legealditik martxan zen kontratua; EH Bilduk jakinarazi zuen kalte-ordainak itundu zituela enpresa eraikitzaileekin —8,2 milioi ordaindu zizkion kontsortzioak adjudikazioa zuen enpresa taldeari—. 2013an Zubietako erraustegiaren lanak gelditzeak "eragindako kalte ekonomikoa" beren gain har zezaten nahi zuten GHKren gaur egungo buruek, hau da, 40 milioi euro baino gehiagoko zigorra eskatzen zuen akusazioak Errazkinentzat eta Intxaurrandietarentzat, eta EAJren eta PSE-EEren aldeko bozekin eraman zituen GHK-k Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara. Joan zen urriaren 10ean jakinarazi zuen Espainiako Kontu Auzitegiak bi auzipetuen aldeko ebazpena, eta handik aste batzuetara GHK-k helegitea jarri zion epai hari.
Baratze ekologikoen araudia, aldatuta
Azkoitiko Udalbatzak, bestalde, baratze ekologikoen araudia aldatu zuen atzoko bilkuran, aho batez. Hain zuzen ere, baratzeen esleipenen epeek funtzionamendu berria izango dute aurrerantzean, eta horien kudeaketa lanak errazteko asmoz, lursail guztiek ustiatzeko epe muga bera izango dute.
Orain arte, lau urterako esleitzen zituzten baratzeak, eta horretan jarraituko dute, baina lau horien barruan norbaitek baja ematen badu, haren ordezkoak lau urte horiek bukatzeko falta den denbora izango du lursail hori ustiatzeko. Udalak erabaki hori hartu du epe mugak bat ez etortzeak "zailtasunak" eragiten dituelako kudeaketan. Horregatik, lehenengo, esleipenen epe guztiak berdinduko dituzte, eta hori egindakoan jarriko dute indarrean araudi berria.