Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ekitaldi berezia egin du gaur, larunbata, Azkoitiko Intsausti jauregian. Izan ere, Iñigo Lamarca (Donostia, 1959) Adiskide Numerario izendatu du elkarteak, eta halakoetan izaten den moduan, Intsaustiko aretoa goraino bete da; dozenaka lagun elkartu dira ekitaldian, tartean Azkoitiko Udaleko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak eta elkarteko beste hainbat Adiskide Numerario.
Lamarcaren aurretik, Juan Bautista Mendizabal Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakariak eta Jon Arrieta Adiskide Numerarioak hartu dute hitza, eta Adiskide Numerario berria goraipatu dute biek. Lamarcak, berriz, giza eskubideen eta duintasunaren arteko lotura izan ditu hizpide: "Nire tesia da, ordenamendu juridiko espainiarrean oinarrituz, duintasuna eskubide konstituzional bat dela, nahiz eta eskubide subjektibo izaera ez duen. Ez litzateke, gainera, nolanahiko eskubidea izango baizik eta eskubide guztien iturburua eta sostengua. Hori horrela, duintasun eskubidearen edukia eskubide bakoitzean txertatuko litzateke eta, horrenbestez, eskubide bakoitzak haren muina errespetatu beharko luke eta, aldi berean, harekin bat eginez, sustrai eta babes sendoa irabaziko luke", esan du.
Iñigo Lamarca Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Zuzenbidean lizentziatua da. Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea izan da EHUko Zuzenbide Fakultatean. Ararteko ohia da, eta urte luzez izan zen kargu horretan. Gaur egun Gipuzkoako Batzar Nagusietako legelaria da, baita EHU Alumniko lehendakari ere. Zenbait hedabidetan idatzi izan du Lamarcak, hala nola Zeruko Argian, Euskaldunon Egunkarian eta El Diario Vascon, eta horretan dihartu gaur egun. Halaber, pertsona homosexualen eta bisexualen eskubideen aldeko mugimenduan murgilduta egon da.