Zer da Reset erakusketa?
Azken urteetan Mexikoko motiboekin egin dut lan, eta orain, diskurtsoa husten ari naiz. Lehen egiten nuenak bazuen inguruarekin lotutako narrazio eta kontzeptualizazio puntu bat. Orain, irudiei ematen diet garrantzia, narratiba alde batera utzita. Arte garaikideak duen konplexu bat izan daiteke hori, eta irudiari errekonozimendua eman nahi diot. Metodologia bat ari naiz garatzen lan egiteko orduan, eta urteetan neureganatu dudan ibilbidea kontuan hartuz, irudia erdigunean jartzen ari naiz. Irudiak modu autonomoan hitz egitea da dudan erronka.
Margoekin jarraitu al duzu erakusketa hau egiteko?
Azken urteetan asko marraztu dut. Irudiek, margoek zein marrazkiek indar handia dute Mexikon, eta marrazkia bera arte garaikidearen tresna bihurtu da; autonomia hartu du marrazkiak, eta medio bat bilakatu da bere horretan. Betidanik izan naiz marrazkilaria, eta erakusketa honetan margoa ez dut guztiz baztertu, baina garrantzia eman diet marrazkien lerroei, kontrasteei eta gama grisei.
Orain arte bezala, collageak egin dituzu, baina koloreak albo batera utzita.
Reset ariketak eragina izan du koloreak albo batera uztean. Beti izan naiz oso kolorista, eta nire lanak bizarro eta hortero samarrak izan dira. Baina bete egin naiz horrekin, eta orain beste kalitate batzuekin lan egitea nahi dut. Erakusketa honetan, zazpi erretratu fotoerrealista hartu eta modu oso errealistan kopiatu ditut. Irudiaren kalitatea eskuarekin erreproduzitzea gustatzen zait; irudiak moztu ditut, eta guztiz zehatza zen irudi batetik erabat abstraktuak diren bestelako lanak sortu ditut. Batzuetan antzematen da begia edo sudurra dela, baina irudia ikuslearentzat ezustekoa izan dadin nahi dut.
Erakusketak badu nahitasun jakinik?
Erakusketa oso koherentea da, eta lanek formatu eta lerro jakin bat jarraitzen dute. Estetikari dagokionez, gaur egungo egoeraren isla dira. Egun, gizarte likidoan bizi gara, eta ezer ez da iraunkorra. Egoera hori irudi bihurtu dut, eta lanek flotagarriak dirudite. Metakrilato gardenaren gainean, geruzetan antolatu dut lan bakoitza. Itzala collagearen parte bihurtu dut, eta horrek guztiak sakontasuna ematen die irudiei. Iragankortasunaren aurrean, beraz, kontenplaziorako bidea irekitzen duen esperientzia sortzea nahi izan dut. Nire asmoa da lanek jendeari galderak sorraraztea eta horiekin kuriositatea piztea. Ez dakit lortu dudan, hori ikusleak esango du.
Ingelesez berriz hastea esan nahi du reset hitzak, eta erakusketak dituen ezaugarriak kontuan izanda, etapa berri bat hasi duzula dirudi.
13 urtez Mexikon bizi izan naiz, eta orain Azkoitira bizitzera itzultzeko prozesuan nago. Beraz, guztiak badu zentzu bat. Mexikoko egoeraz eta han bizitzeaz nekatu egin naiz, baita koloreez eta neobarrokoaz ere. Hustea eta haizea hartzea nahi dut, eta horregatik du zentzua Reset erakusketa orain egiteak; orain arte egindakoa ahaztu gabe, beste bide bat hasi nahi dut, eta horren emaitza da erakusketa.
Azkoitira bizitzera itzultzeko bidearekin bat, hainbat erakusketa egin duzu Euskal Herrian azken hilabeteetan, eta Adour-Bidasoa pintura lehiaketan epaimahaiaren sari berezia jaso zenuen irailean. Zer moduz hartu zaituzte Euskal Herrian?
Ondo hartu naute. Iazko irailean Donostiako Arteztu galerian erakutsi nituen lan hauek, eta Jonek (Urrestilla) ikusi zituenean, Zuri Hartz galerian erakusketa irekitzea proposatu zidan. Lana egiten bada, beti ikusten dira emaitzak, eta positiboa izan da Joneren proposamena. Erakusketa hau zabaltzea aukera paregabea da bailarara itzultzeko. Izan ere, Azpeitian erakusketa egin dudan lehenengo aldia da; Azkoitian, 2006an jarri nuen azkenengoz. Egia da, Euskal Herrian ez dagoela horrenbeste ohitura artea kontsumitzeko, baina orain lotsa ere ematen dit hori esateak, hor baitago Udane Juaristi artista ere.
Euskal Herrian kulturan gastatzeko ohitura handirik ez dagoela diozu. Erronka al da, beraz, hona itzultzea?
Bai. Mexiko oso handia da, eta han ehuneko altu batek kontsumitzen du kultura. Hemen, lan hori egin behar dugu, eta Zuri Hartz galeriaren irekiera pozgarria da, galerien egitekoa baita artistaren eta ikuslearen artean zubia sortzea.
Mexikon Casa Galeria proiektua izan duzu martxan. Zertan geratu da orain?
Iazko martxoan egin nuen azken erakusketa, eta egun, itxita dago galeria. Duela hamar urte ireki nuen, Luis Garduño artista mexikarraren eta nire lanen erakusketarekin. Azken erakusketa, berriz, Luis Astrada eta Jorge Ismael Rodriguez mexikarren eta nire lanena izan zen. Aproposa iruditu zitzaidan modu horretan ixtea hamar urteko zikloa. Artista eta talentu asko ezagutu dut galeriari esker, baina nekatuta nago kudeatzeaz. Jende asko agertu zen prest galeriaren ardura hartzeko, baina egoista izan naiz. Asko kostatu zitzaidan proiektua izan da Casa Galeria; malkoak, odola eta izerdia utzi ditut han, eta ez dut nahi izan besteren batek proiektu hori hartzerik. Beharbada ez da oso justua izan, baina momentuko egoerak bultzatutako egitasmoa izan zen Casa Galeria irekitzea, eta hasi zen bezala amaitzea erabaki dut.
Zure artea Mexikori lotuta egon da orain arte. Bizitoki aldaketak izango al du eraginik zure lanetan?
Bizitokiak baino, bizitzen ari naizen uneak eragingo du. Nekatu egin naiz Mexikoz, koloreez eta barrokoaz, eta hemen desberdina izango da nire artea. Inguruak, argiak eta klimak norberaren animoan eragiten dute, eta ziurrenik antzemango da hori nire lanetan. Horrexegatik hartu dut hona bizitzera etortzeko erabakia; aldatzea eta hausnartzea behar dut. 44 urte izanagatik, artista batek beti izan behar du asmatzailea.
Erakusketa borobiltzeko, ikastaroa ere emango duzu.
Erakusketarekin lotuta dago ikastaroa, collage teknika ezagutzeko balioko baitu. Erakusketan erabili dudan metodologia irakatsiko dut. Ikastaroaz gain, erakusketan dagoen lanetako bat zozkatuko dut.