Anaitasunak bengalarik ez pizteko eskatu die zaleei

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 22a

Azkoitiko klubak jakinarazi du isuna eta Txerloia futbol zelaia ixteko ohartarazpena jaso dituela. Anaitasunak gogorarazi du bengalak piztea debekatuta dagoela, eta zaleei "horrelako ekintzak" alde batera uzteko deia egin die.

Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko Zuzendaritza Batzordeak partidetan bengalarik ez pizteko eskatu die zaleei. Klubak gogorarazi du "guztiz galarazita" dagoela horiek piztea, Kirol Diziplina eta Zigor Batzordeak Euskadiko Futbol Federakundearen Zigor Araubidean jasota duenez.

Ohartarazpena egiteko arrazoia ere azaldu du Anaitasunak; izan ere, klubak isuna eta futbol zelaiaren itxiera ohartarazpena jaso ditu, Txerloian jokatutako Tolosa eta Eibar taldeen aurkako partidetan, zaleek bengalak piztu zituztelako. "Zelaiaren itxierak taldearengan izan dezakeen eragina kontuan izanda, Zuzendaritza Batzordeak zaleei eskatu nahi die horrelako ekintzak alde batera uzteko eta orain arte bezala, musikaz eta ahotsez lagundutako animazioa egiteko", azaldu du klubak ohar bidez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide