Emakumeen "aldaketa pertsonal eta kolektiboa" bultzatzeko eta emakumeak ahalduntzeko asmoz, askotariko ikastaroak antolatu ohi ditu Azkoitiko Udalak azken urteetan, eta 2019arekin batera, beste hainbat tailer prestatu du Berdintasun sailak datozen hilabeteetarako. Gaur, astelehena, aurkeztu dituzte ikastaroak udaleko ordezkariek eta saioak eskainiko dituzten irakasleetako batzuk, eta agerraldiarekin batera izena emateko epea zabaldu dute.
Guztira, bost ikastaro eskainiko dituzte otsailetik aurrera, eta horietako hiru orain artekoen jarraipenak izango dira. Izan ere, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroak, autodefentsa ikastaroak eta batukada feministak jarraipena izango dute —azken bi ikastaro horiek urte osora arte luzatuko dira–, eta horiekin batera, Coaching eta adimen emozioala eta tailerrak eskainiko dituzte. Lehenengoan, emakumeen aldaketa pertsonalerako, ongizaterako ea jabekuntzarako "tresna indartsuak" erabiltzen ikasiko dute. "Geure burua mugatzen duten sinesmen eta balioak aztertu eta aldatuko ditugu. Ikasiko dugu gure burua motibatzen eta helburuak lortzen, emozioak hobeto kudeatzen eta komunikazioa hobetzen gure buruarekin eta ingurukoekin", azaldu dute agerraldian. Guztira, zortzi saio eskainiko ditu Mertxe Arratibelek.
Kontatu gabeko emakumeak: Genealogia feminista artearen historian tailerra, berriz, Silvia Ayerrak eskainiko du. Artearen historian "isilik" geratu diren artista emakumeak izango ditu ardatz ikastaroak, eta arte klasikorik gaur egunera arteko historia androzentrikoa jorratuko dute. Guztira, lau saio egingo dituzte, eta horietako bitan Azkoitiko artistak izango dituzte hizpide. Azkenengoan, berriz, kale ekintza egingo dute, artearen munduan esanguratsuak izan diren emakumeen presentzia plazaratzeko.
Bestalde, aurreko edizioetan izan duten "arrakasta" ikusita jarraituko dute zoru pelbikoari buruzko ikastaroak, batukada feministak eta autodefentsa ikastaroak. Josune Milan da zoru pelbikoaren inguruan eskainiko dituen saioen gidaria. Hark gaur adierazi duenez, teoria eta praktika uztartzen dituzte eskoletan, eta besteak beste, zoru pelbikoa zer den, zer funtzio duen, eremu horretan zer arazo sor daitezkeen eta horien aurrean zer tratamendu dauden azalduko ditu Milanek. Hain zuzen ere, horretarako kegel ariketak, hipopresioak, arnasketa eta gorputzaren jarrera lantzen dute. Udalak ohartarazi duenez, joan zen urrian ikastaro horretatik kanpo geratu ziren emakumeek izango dute orain lehentasuna, eta plaza libreak geratuz gero, edozeinentzat irekiko dute eskaintza.
Autodefentsa ikastaroa ere joan den urritik da martxan, eta hango irakasle Juan Murillok eta Rita Juaristik adierazi dutenez, 14 lagun inguruko taldea osatu dute oraingoz. "Ikastaroan parte hartzen ari diren emakumeak asko ari dira inplikatzen, eta oso fidelak ari dira izaten, ia ez baitute hutsik egiten saioetara". Egun, 20 eta 60 urte inguruko emakumeek osatzen dute taldea, baina irakasleek dei egin die gaztetxoei ere ikastarora animatu daitezen. Hilean behin elkartzen dira, Anaitasuna Kanku karate elkarteak duen egoitzan edota Elkargunean. Batukada feminista ikastaroa, berriz, hileko bi asteazkenetan egiten dute Xabier Munibe ikastolan, Ainara Sarasketaren eta Arantxa Vicedoren eskutik.
Nekane Larrañaga Ongizate zinegotziak eta Maiter Urbieta Berdintasun teknikariak adierazi dutenez, interesa duen emakume oroko parte har dezake ikastaroetan, eta dei egin die adin, jatorri eta izaera guztietako emakumeei. Izan ere, emakumeen ahalduntze ikastaroak haien kezkak eta interesak elkarbanatzeko, hausnartzeko eta ezagutzeko topaleku ere badirela azpimarratu dute. Emakumeek eman dezakete dagoeneko izena, udaletxeko Harrera bulegoan edo berdintasuna@azkoitia.eus helbidean. Artearen historiari dagokion ikastaroan izan ezik, gainontzekoetan hilaren 28ra bitartean egin beharko da izen-ematea; artearen historiari lotutako ikastaroaren izen-ematea, berriz, otsailaren 11ra arte luzatu dute, beranduago hasiko direlako eskola horiek. Plazak mugatuak dira guztietan, eta parte hartzaileek taldea osatu ondoren egingo dituzte ordainketak. Ikastaroen inguruko informazio osoa, berriz, berdintasuna@azkoitia.eus helbidera idatzita edo 943-85 71 74 telefonora deituta lor daiteke.
IKASTAROAK:
-
ZORU PELBIKOA INDARTZEKO IKASTAROA: Otsailak 21, martxoak 7, 14, 21 eta apirilak 4 eta 11. Ostegunetan, 18:30etik 19:45era, Elkargunean. Irakaslea: Josune Milan Lopez. Prezioa: langileek 18 euro; langabeek eta pentsiodunek 12 euro.
-
KONTATU GABEKO EMAKUMEAK. GENEALOGIA FEMINISTA ARTEAREN HISTORIAN: Otsailak13, 20 eta 27 eta martxoak 6. 18:00etatik 20:30era (martxoak 6ko saioa: 18:00-21:00), Elkargunean. Irakaslea: Silvia Ayerra. Prezioa: langileek 18 euro; langabeek eta pentsiodunek 12 euro.
-
COACHING ETA ADIMEN EMOZIONALA: Otsailak 7, 14, 21, 28 eta martxoak 7, 14, 21 eta 28. Ostegunetan, 10:30etik 12:30era, Elkargunea. Irakaslea: Mertxe Arratibel. Prezioa: langileek 18 euro; langabeek eta pentsiodunek 12 euro.
-
BATUKADA FEMINISTA: Asteazkenetan, bi astetik behin, 17:30etik 19:30era, Xabier Munibe ikastolan. Irakasleak: Ainara Sarasketa eta Arantxa Vicedo. Prezioa: langileek 18 euro; langabeek eta pentsiodunek 12 euro.
-
AUTODEFENTSA IKASTAROA: Hileko hirugarren edo laugarren larunbatean. 10:00etatik 12:00etara, Elkargunean edo Anaitasuna Kanku Karate elkartearen egoitzan. Irakaslea: Anaitasuna Kanku karate elkartea. Prezioa: doan.