Txistulari eta danbolintero gazteen topaketa egingo dute Azkoitian urtarrilaren 26an

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 19a

Azkoitiko Txalkor Txistulari Taldeak eta Euskal Herriko Txistulari Elkarteak antolatu dute 'Danbolingenak' topaketa Azkoitian. Urtarrilaren 26rako egun osoko egitaraua prestatu dute.

Danboligenak txistulari eta danbolintero gazteen topaketa antolatu dute urtarrilaren 26rako (larunbata) Azkoitian. Azkoitiko Txalkor txistulari taldearen eta Euskal Herriko Txistulari Elkartearen elkarlanaren fruitua da topaketa, eta hori antolatzeko Azkoitiko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso dute.

Egun osoko topaketa izango da zapatukoa, eta Azkoitiko, Azpeitiko, Bilboko, Hernaniko, Lesakako, Trapagarango eta Uztaritzeko txistulari gazteak kalez kale ibiliko dira. Topaketaren helburua da txistulari gazteek elkar ezagutzea eta taldeen arteko elkartruke sarea osatzea. Horrez gain, txistuak dituen baloreak helarazi nahi dituzte, irakaskuntza sarea bateratzea eta indartzea ere nahi dute, baita belaunaldi desberdinen artean jarraipena bermatzea eta euskal musika kalitatezkoa dela erakustea ere.

Hainbat ekintza egingo dute Danbolingenak jaiaren barruan. 10:30ean hasiko dute egitaraua, AIKO taldeak Elkargunean eskainiko duen ikastaroarekin. Txistulariek plaza dantzetako doinuak ikasi ahal izango dituzte bertan. Eguerdian, 13:00etan, kalez kale ibiliko dira topaketara bertaratzen diren txistulariak, eta 18:00etan kontzertua eskainiko dute Kontzejupean. Egunari bukaera AIKO taldearen dantzaldiarekin emango diote; hain zuzen ere, Elkargunean izango da saioa.

Igandean, berriz, goiz eresia eskainiko du Txalkor txistulari taldeak, 09:00etan hasita.

Danbolingenak topaketaren egitaraua honako hau da:

Urtarrilak 26, larunbata
- 10:30. Aiko taldearekin plaza dantzak txistularientzat ikastaroa, Elkargunean.
- 13:00. Txistulari gazteen kalejira.
- 18:00. Azkoitiko, Azpeitiko, Bilboko, Hernaniko, Lesakako, Trapagarango eta Uztaritzeko txistulari gazteen kontzertua, Kontzejupean.
- 19:00. Aiko taldearekin plaza dantzen erromeria, Elkargunean.

Urtarrilak 27, igandea
-09:00. Txalkor Txistulari Taldearen goiz eresia.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide