Azkoitiko Jausoro eta Altzibar auzoak lotuko dituen oinezkoen pasabidea datozen hilabeteetan gauzatuko dute, Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez. Azken urteetan atzeratzen joan da proiektua, besteak beste, Uraren Euskal Agentziak (URA) eman beharreko baimenen eta ezarri beharreko koten ondorioz. Baina lortu dituzte beharrezko baimenak, eta datozen asteetan hasiko dira zubia egiten. Udalaren aurreikuspenen arabera, Aste Santurako, hau da, apirilerako, amaituta egongo da pasabidea.
Egurrezko aurrefabrikatutako zubia izango da eraikiko dutena. Altzibar plaza kalearen ondoan egingo dute, Elosukorta saltokiaren ondoko kalearen paretik Jausoro auzoan dagoen Txuri Urdin elkartearen pareraino, hain justu. Prozesuan zehar egin behar izan dituzten egokitzapenen eraginez, zubiak 28 metroko luzera eta lau metroko zabalera izango du, eta oinezkoentzat ez ezik, txirrindularientzat ere izango da. Hori hala, oinez eta bizikletan doazenek bina errail izango dituzte. Era berean, bidegorri sarea osatzeko balioko du zubiak. Izan ere, azpiegitura horrek txirrindularien bi ibilbide nagusi lotuko ditu: Anaitasuna plaza kalekoa eta Jausoro auzoa zeharkatzen dituena.
Bi hilabete eta erdiko lanak
Azken urteetan atzeratzen joan den proiektua da bi auzoak lotzeko zubiarena; izan ere, 2017ko azaroan igorri zion udalak URAri proiektua, eta iazko urrian jaso zuen erakundeak agentziaren erantzuna. Hain zuzen ere, URAk orduan hainbat eskaera egin zion udalari, eta besteak beste, zubiaren kotak eta altuera aldatu behar zituela galdegin zuen URAk. Azkoitiko Udalak URAren azken proiektu hori onartu ondoren hasi zuen lizitazio prozesua, iaz.
Urbycolanek egingo ditu lanak, eta enpresak eta udalak joan zen azaroan sinatu zuten proiektua. Dena den, udalak adierazi du kontratazio prozesuan beste hainbat zalantza sortu zitzaiela, besteak beste, kontuan hartu beharreko koten eta oinarri kartografikoen inguruan. Ondorioz, beste behin moldatu egin behar izan zuten proiektua, eta zubiaren forma eta kokapena «apur bat» aldatu behar izan dituzte azkenean.
Obra zuzendaritzakoek planoetan zehaztapenak egin ondoren hasiko dituzte lanak, eta bi hilabete eta erdi inguruan amaituko dituzte. Hori hala izanik, udalaren helburua da zubia Aste Santua baino lehen irekita egotea. Zubiaren aurrekontua 174.608 eurokoa izango da.