Azkoitiko Anaitasuna Kanku elkarteak hileroko autodefentsa ikastaroa eskainiko du larunbatean, hilaren 19an. Azkoitiko Udalak emakumeak ahalduntzeko asmoz antolatzen dituen ekimenen barruan eskainiko dute doako saioa, eta nahi duen orok parte hartu ahal izango du han.
Elkarteko Rita Juaristik eta Juan Murillok eskainiko dute ikastaroa elkartearen egoitzan (Iriarte Margolaria, 15), 10:00etatik 12:00etara bitartean. Elkartearen bi arduradunek hilero eskaintzen dituzte saioak, eta formakuntza fisikoa zein mentala lantzen dute horietan. Era berean, teoria eta prestakuntza fisikoa uztartzen dituzte, eskoletan ikasten dutena emakumeentzat ahalik eta baliagarriena eta eraginkorrena izan dadin.