Ziberbullyingaren gaia lantzeko bi saio antolatu ditu Azkoitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 17a

Internetaren edo mugikorraren bidez egiten den jazarpenaz kontzientzia lan bat egiteko antolatu dituzte saioak, gazteei eta gurasoei zuzenduta. Urtarrilaren 22an eta 24an izango dira saioak, 18:30ean, Elkargunean.

Azkoitiko Udalaren Gazteria Sailak ziberbullyingari buruzko bi saio antolatu ditu, gazteei eta gurasoei zuzenduta. Lehenengo saioa urtarrilaren 22an –asteartea– izango da, eta bigarrena, hilaren 24an –osteguna–. Bi saioak 18:30ean izango dira, Elkargunean. Lehen saioa Ziberbullyinga teknologia berrien bidez, adin berekoen arteko erasoa izenburupean eskainiko dute, eta bigarrena, Prebentzioa. Bitartekaritza parental positiboa aurrera eramateko gakoak izenburupean.

Internetaren edo mugikorraren erabileraz baliatuta, talde edo pertsona batek beste bati egiten dion jazarpen edo eraso psikologikoari deitzen zaio ziberbullyinga. Udalaren arabera, horregatik da "garrantzitsua teknologia berrien erabilerak dakartzan arriskuak ondo ezagutzea, haien erabilera zuzena egiteko eta jazarpena saihesteko".

Udalak azaldu duenez, ziberbullyinga "bereziki larria" da anonimotasunean gerta daitekeelako. "Ziberbullyingak hainbat forma har ditzake: Interneten norbait kaltetzen duen argazkia argitaratzea, zenbait webgunetan biktimaren profila irekitzea, biktimaren aurkako zurrumurruak zabaltzea edota mezu mehatxatzaileak bidaltzea dira adibide batzuk".

Errealitate horren aurrean, kontzientzia lan bat egin ahal izateko antolatu ditu udalak bi saio horiek, "arazoa sakonean ezagutu eta bakoitzak egokiak deritzan neurriak har ditzan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide