Azkoitiko Udalak hainbat lan egin du azken hilabeteetan Floreaga auzoan. Besteak beste, auzoko Izarraitz kaleko espaloiak berritu ditu, eta zebra bideak margotu dituzte. Era berean, zenbait farola berri jarri dituzte Floreagan.
Auzoko irisgarritasuna hobetzeko eta egungo araudia betetzeko helburuarekin egin dituzte lanak Floreagan. Egurki enpresa joan zen urrian hasi zen obra horiekin, eta bost hilabete inguru iraun dute lanek. Guztira, 233.983 euroko aurrekontua izan du esku hartzeak.
Auzoan malda handiak eta eskailerak daudela eta, eta hango irisgarritasuna hobetzeko azterketa egina du Azkoitiko Udalak, eta lanak datozen urteetan faseka egiteko asmoa du. Besteak beste, igogailuak eta arrapalak jarriko dituzte hango kaleetan, eta hain zuzen ere, lehenengo bi faseei dagokien proiektuak idazteko partida txertatuta du udalak aurtengo aurrekontuetan. Horren harira, auzoko bizilagunek joan zen astean egindako agerraldian eskatu zuten lanen zati bat aurten bertan has daitezela egiten.