Azkoitiko Korrika batzordea datozen egunetan jarriko da martxan, eta horretarako lehenengo bilera egingo dute hilaren 23an, asteazkenean, Elkargunean. Hain zuzen ere, apirilaren 12an helduko da Korrika Azkoitira, eta lasterketa zein egitasmoaren bueltako ekintzak prestatzen hasiko dira egun horretan. Arduradunek jakinarazi dutenez, 21. Korrikaren nondik norakoak azalduko dituzte bileran, eta herritarrek ekintzak proposatzeko aukera izango dute. Horrez gain, herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko dituzte. "Jakin badakigu denok ez ditugula aukera berberak gure ekarpenak egiteko, eta horregatik, hain zuzen ere, konpromisorik gabe etor zaitezen eskatzen dizugu. Bertan entzundakoaren arabera erabakiko duzu, gero, zure ekarpena zein izan daitekeen; eta inolako aukerarik izango ez bazenu ere, Korrika gure herrian izango dela ezagut eta zabal dezazun da gure nahia", azaldu dute antolatzaileek.
Hilaren 23an, 19:00etan hasiko da bilera, eta herritar guztiei dei egin die bertaratu daitezen.