Idazle gisa "unerik onenean" dagoela adierazi du Iñigo Dierezek (Azkoitia, 1993). Izan ere, Zurrunbiloa antzezlana sortu du idazle eta aktoreak, eta labetik ateratzear du obra. Donostia Kulturak antolatzen duen Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntza jardunaldien lehiaketara aurkeztu zuen lana, eta bigarren saria eskuratu ondoren, hurrengo hilean hasiko diren jardunaldietan estreinatuko du. Guztira, lau emanaldi eskainiko ditu Dierezek eta haren lantaldeak jardunaldi horien barruan, Donostian.
Oraingo honetan, depresioaren gaia oinarri hartuta idatzi du istorioa Dierezek. Asier Oruesagastik zuzendu du obra, eta Nerea Gorriti eta Ander Azurmendi dira aktoreak. Dierezek adierazi duenez, besteak beste, pertsona bat depresiora nola irits daitekeen azaldu dute obran, eta bisexualitatearen gaia ere jorratu dute. "Depresioaren eta bisexualitatearen gaiak landu nahi nituen antzezlan batean. Nerearekin, Anderrekin eta Asierrekin elkartu nintzen, buruan nuen ideia haiekin elkarbanatzeko. Izan ere, oso lagunak ditut hirurak. Obra poltsikoko antzerki jardunaldien deialdira aurkeztu nahi nuela azaldu nien, eta ondo hartu zuten proposamena. Oso gustura gaude emaitzarekin", azaldu du azkoitiarrak.
Era berean, obrak "kontzertu baten kutsua" ere baduela gaineratu du Dierezek: "Antzezlaneko protagonista abeslaria da, eta haren kontzertu baten ondoren kokatu dugu istorioa". Horretarako, batez ere Gorritik sortu ditu abestiak, eta lan horretan Mikele Arizkorreta eta Iker Lauroba musikarien laguntza izan dute. "Musikariek oso ondo jantzi dute obra beren ekarpenekin".
Poltsiko Antzerki Sorkuntza lehiaketan bigarren saria eskuratuta, antzezlana sustatzeko diru laguntza bat jaso zuen lantaldeak. Horrez gain, antzezlana gorpuzteko leku fisikoa izatea ere ahalbidetu zien sariketak. Lorpen hori eskuartean, otsailaren 7an estreinatuko dute obra, Donostian, eta emanaldiaren atarian, entsegu orokorrak egiten ari da taldea. Hain zuzen ere, jardunaldi horietan eskainiko dituzten emanaldietarako buru-belarri lanean dabiltza artistak egunotan, eta saio horiek igarotakoan, antzezlanak ibilbidea izaten jarrai dezan saiatuko direla aurreratu du azkoitiarrak: "Oraindik ez dugu ezer zehatzik pentsatu, baina badugu asmoa Zurrunbiloa aretoetara zabaltzeko. Formatu txikiko antzezlana da, eta mugitzeko ez du lan askorik eskatzen".
Nobela ere bidean
Zurrunbiloa antzezlanaren aurretik, beste obra batzuetako gidoiak ere idatzi izan ditu azkoitiarrak. Besteak beste, Pisu ez partekatua antzezlana sortu zuen iaz, eta egun, ETB3 kateko 3zpa4 saioko gidoilarietako bat da. Aktore eta gidoilari moduan, ez da geldirik egotekoa Dierez, eta eskuartean duen beste proiektu baten berri ere eman du. Katu beldurrezko eleberria idatzi du, eta "laster" kaleratuko du lan hori. Dena den, zuhurtziaz hitz egin du azkoitiarrak, eta ez du liburuaren gaineko beste informaziorik eman: "Argitaletxe bati bidali nion eleberria, eta baiezko erantzuna jaso nuen. Orain, labera sartzeko pronto dago. Idatzitako nobelaren berri emateko irrikaz nago, baina kontu guztiak itxi arte itxaron beharko dut horretarako". Dena den, azken lan horrek argia ikusteko "gogotsu" dagoela aitortu du.