Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko Dunne eta Zestoako Rodeo musika taldeek kontzertu bana eskaini zuten joan zen ostiralean, hilak 11, Azkoitiko Matadeixen. Matadero Ekintzen barruan antolatu zituzten zuzenekoak, eta stoner zein rock doinuak eta sistemaren kontrako abestiak izan ziren protagonistak hitzorduak iraun zuen tartean. Izan ere, ezaugarri horiexek –stoner eta rock doinuak nahiz kritika soziala– dituzte oinarri Dunnek eta Rodeok. Oholtzara igotzen aurrena etxeko taldea izan zen: Dunne. 22:30ak aldera hasita, doinu indartsuak eskaini zituzten Azkoitiko musikariek, Matadeixeko giroa piztuz. Behin berotan sartuta, Zestoako taldeak borobildu zuen gaua. Labetik atera berri duten Dilmun diskoko abestiak eta aurreneko lanean jasotako kantu gutxi batzuk eskaini zituzten zestoarrek, Azkoitian elkartu ziren musikazaleen gozamenerako. Kolaborazio berezi bat ere izan zen, gainera. Izan ere, Rodeorekin oholtza elkarbanatu zuen Suharri Aranburu musikari azkoitiarrak. Ohi bezala, Matadeixeko kontzertuetan izan zen Ainhoa Beristain argazkilaria, eta hark ateratako irudiak dira hauek.